Maider Oleagaren 'Irrits' izan da Huhezinema sari nagusiko irabazlea

Xabier Urtzelai 2023ko urt. 28a, 10:27

Arkupeko aretoa lepo bete zen atzo iluntzean Huhezinema sari banaketa ekitaldian. Lehenago, 14:30ean hasita, Euskal Herriko zinema sortzaileak elkartzeko plaza bihurtu zen Zaraia aretoa, bertan ikusi zituzten-eta Sail Ofizialeko proiekzioak. Hala, Kepa Errasti epaimahai ofizialeko kideak izan zuen sari nagusia Maider Oleaga zuzendariari emateko ardura, eta Izaro Nieto aktorea ere igo zen taula gainera.

"Arratsalde pasa etorri gara, ze giro zegoen ikusi nahi genuen eta ezustean harrapatu gaitu sariak. Ez genuen halakorik espero baina sekulako poztasuna hartu dugu", adierazi zion Irrits lanagatik saria jaso zuen Maider Oleagak berak GOIENAri ekitaldi amaieran. Hala, Oleagak ondoan zuen Izaro Nieto aktorea, hain zuzen, Kepa Errastik aktoreen lana ere nabarmendu zuen saria ematerakoan: "Asko baloratzen dut Kepak gure lanari buruz esan duena, sorpresaz hartu ditut berbok, asko poztu naiz".

Vertigo saria, berriz, David Gonzalezendako izan zen, Siempres lunes lanagatik: "Film labur asko egin ondoren, luzemetrai bat zuzendu eta ekoiztu dut modu independentean, baina oso gogorra izan zenez berriro itzuli naiz film laburretara. Esaten den moduan, "luzemetrairako saltoa" egin dut, baina alderantziz. 

Antolatzaileak, pozik

Ekitaldia amaitu berritan eta protagonistak photocall-ean elkarrizketatzen zebiltzala, Huhezinemako antolaketa taldeko ordezkari Irati Alvarezek tartetxoa hartu zuen aurtengo edizioko balorazioa egiteko: "Oso pozik geratu gara, sekulako lan-taldea izan dugu eta lan galanta egon da atzean, baina esango nuke ondo joan dela dena. Eta bestalde, epaimahaikideek ere nabarmendu dute, aurten jaso ditugun lanak oso maila altukoak izan direla, eta urtetik urtera maila hori goraka doala. Eta hori ere eskertzekoa da".

Huhezinemako sarituak, ekitaldi amaieran, taula gainean. Argazkia: Huhezinema.

Sari potoloak ekitaldiaren amaieran banatu zituzten, baina lehenago ere egon ziren beste asko:

Sail ofizialeko sariak:

● Huhezinema saria (800 €), BERRIAren osagarriarekin -Irrits - Maider Oleaga.

● Vertigo saria (400 €) - Siempre lunes - David González.

● Senior epaimahaiaren saria (300 €) - Cuerdas - Estibaliz Urresola Solaguren.

● Ikusleen saria (100 €tan baloratutako saria) - 36 - Ana Lambarri Tellaeche.

Bideoklip saria:

● Bideoklip onenaren saria (300 €) - Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacran – Nitya Lopez.

● Euskarazko bideoklip onena (200 €) - Nor Naiz Ni, Zein Zara Zu (Flavio Bánterla) – Aitor Arruti.

● Ikusleen saria (100 €tan baloratutako saria) - COKO (OLD G) - Iñaki Tena eta Claudia Molina.

Ikasle saila

● Ikasle lan onenaren saria, (300 €) - Estampado - Gerardo Tomé (Escuela de Cine del País Vasco – Bilbo).

● MU saria(150 €) - Mitxoletak - Javier Elizalde.

● Mundukide saria (700 €) - Nahar - Beñat Goia eta Iraia Irazusta.

● Ikusleen saria (100 €tan baloratutako saria) - Muskil - Marina Perosanz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak