Hamabost milioi euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernuak

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko urt. 26a, 13:30

Hamabost milioi euro pasako aurrekontua zehaztu du Udal Gobernuak 2023rako eta horietatik 3,7 milioi bideratuko ditu inbertsioetara; bereziki, komentuaren bueltako lanetarako. Asmoa da otsailaren 9an egingo den osoko bilkuran onartzea.

Agintaldiko azken urterako 15.373.544 euroko aurrekontu proposamena aurkeztu du Udal Gobernuak; 2022koarekin alderatuta, %16,9 handiagoa. Eguaztenean eman zuten horren berri eta Unai Elkoro alkateak azaldu zuen egin barik geratu diren jarduerak jaso gura izan dituz-
tela: "Jarraipeneko aurrekontuak
dira, iragarrita genituen proiektuak abian jartzeko aukera emango digutenak".

Diru-sarreren eta gastuen artean lau milioi euro pasatxoko desoreka dagoela onartu zuen, baina zorpetze beharrik izango den oraindik ez dakite. Iaz 2,7 milioi euroko kreditua aurreikusita izan arren, ez da gauzatu: "Martxoaren hasierarako 2022ko kontuen likidazioarekin batera jakingo dugu kreditua erabili beharko dugun edo ez, eta, hala balitz, zenbatekoa izango den. Baina, hasiera batean, aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa izango da".

Komentu inguruko lanak

Aurrekontu horretatik inbertsioetara 3,7 milioi euro bideratzea dela asmoa azaldu zuen Xabi Otxoak, Hirigintza zinegotziak, eta horietatik gehiena komentu zaharraren bueltako lanetarako izango da: batetik, 1,5 milioi euro gorde dituzte adinekoentzako gizarte zentroko lanak bukatzeko; eta, bestetik, 1,45 milioi euro Deba ibai ingurua egokitzeko lanetarako erabiliko dituzte. "Asmoa da komentua inguratzen duen horma eraistea, lorategia irekitzeko, eta herritarrendako eremu eroso bihurtu", zioen Otxoak.

Gainera, ibaiaren gainean pasarela bat egingo dute eta Txarapea eta Iturrizar plazaren artean igogailu publiko bat eta eskailera jarriko dituzte: "Txarapea erdigunearekin oinez konektatzea da helburua, bide zuzen eta labur baten bidez". Puntu horretan, ibaia zeharkatzen duen erdi-tentsioko linea lurperatu egingo dela adierazi zuten, eta egungo transformadorea beste puntu batera eraman.

Energia gastua gora

Bestetik, energia gastuarekin oso kezkatuta agertu ziren alkatea eta zinegotziak. 2023ko ekitaldian horri dagokion gastuaren igoera handia dagoela nabarmendu zuten. 2022ko aurrekontuan 662.000 euro jaso zituzten gasaren eta elektrizitatearen gastuetarako; 2023rako, ostera, ia bikoiztu egin dute eta 1.153.000 eurokoa izango da. "Horrek asko mugatuko du hurrengo urteetan ere", zioen alkateak.

Gastu horren erdia Ibarra kiroldegiari dagokiola nabarmendu zuen Koldo Zubillagak, Kirol zinegotziak: "Kirol instalazioek dute gasturik handiena; izan ere, 1.655.000 euro aurreikusi ditugu eta hortik 673.000 euro kiroldegiko energiari dagokio. Hortaz, adi egon beharko dugu energiaren prezioaren bilakaerari, eta, hala jarraituz gero, neurri zorrotzak hartu beharko lirateke gastu ekonomikoa murrizteko".

Beste partida batzuk

Bestalde, adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzua lizitatzeko 20.000 euroko partida gorde dute. Eta beste inbertsio batzuk ere aurreikusi dituzte: Arkupen eguzki-plakak jartzeko, 80.000 euro; Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) garatzeko, 64.000 euro; bide publikoak mantentzeko, 100.000 euro; kiroldegian LED argiak jartzeko, 60.000 euro; urbanizazio lanetarako, 100.000 euro; proiektuetarako, 90.000 euro; eta erraldoi berriak erosteko, 9.000 euro.

Aurrekontuaren proposamena dagoeneko helarazi dioela oposizioari adierazi zuten. Ondoren, otsailaren 9an egingo den osoko bilkuran aurkeztuko dute, onartua izan dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak