Basotxoko erretiratuek Gurean dute orain taberna zerbitzua

Mirari Altube Arrese 2023ko urt. 5a, 12:46

Deskontuak izango dituzte bertan bazkideek, eta gainerako herritar guztiendako ere zabalik izango da.

Urtarrilaren 2tik Durana kalean dagoen Gurean hasi dira taberna zerbitzua jasotzen Basotxo erretiratuen eta pentsiodunen elkarteko kideak. Akordioa sinatu dute bi aldeek, eta adineko pertsonentzako gizarte zentroaren lanak –komentu zaharrean– bukatu arte iraungo du.

Bazkideek %25eko deskontua

Udalak jardun du bitartekari lanetan, eta, Unai Elkoro alkateak adierazi duenez, "adineko pertsonei alternatiba bat eskaintzea" izan da asmoa, egoitza berriko taberna erabiltzeko aukera izan arte. Era berean, alkateak eskerrak eman dizkio Jon Kepa Zubillagari, Gureako jabeari, haren establezimendua "herriko erretiratuen eskura ere jarri duelako". Akordioari esker, Basotxoko bazkideek – 900 baino gehiago, guztira– %25eko deskontua dute tabernan. Horretarako, bazkide-txartela erakutsi behar dute.

Kontsumitzen diren jan-edanen prezioaren murrizketari aurre egiteko, Udalak handitu egin du Basotxo elkarteari ematen dion laguntzaren zenbatekoa.

Komentuan urte bukaerarako

Aurreikuspenak betez gero, Basotxoren egoitza berria urte amaierarako gertu egongo da komentu zaharrean; baita Udal Gobernuak abiarazitako mendekotasun txikia duten adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua eta kaperan egokituko den erabilera askotariko gela ere.

Egoitza hori bukatu arte, gainera, Basotxoren bulegoak Zainduz gimnasioa izandako lokalean daude. Udalak hainbat obra egingo ditu hor, elkarteari "leku handiagoa" emateko eta "erosoago garatu" ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak