Herrian hainbat dira gaztetxe baten beharra aldarrikatzen duten norbanakoak eta eragileak, eta abenduaren 10ean Eroski zaharra egon zen lokal hutsa okupatu zuen talde batek. Espazio horren jabeak, ordea, hormaz itxi ditu hiru atetik bi. Atzo egindako manifestazioaren espazio baten beharra aldarrikatu zuten.
Protesta ekitaldiak herriko kale nagusienak zeharkatu zituen. Bidean makina bat lelo oihukatu zituzten; hala nola, espaziorik gabe antolatzerik ez, gune hutsak herriarentzat, putre funtsak kanpora edo Hemen gaude gaztetxeen alde. Mitarte kale sarreran geldialdi esanguratsua egin zuten. Batukada doinuak batu zitzaizkien manifestariei eta Eroski zaharreko lokal parera iritsitakoan borobilean kokatu eta perkusio taldeak ekinaldi berezia egin zuen.
Bigarren ekitaldi bat izan zen behin plazara heldutakoan. Batukada taldearen saioa, kantu bat Aretxabaletako bi gazteren eskutik, talde adierazpenaren irakurketa, irudikatutako horma baten apurtzea, eta Atxabaltak gaztetxea behar du zioen pankarta handiago baten zabaltzea. Udaletxe parean egindako eserialdiarekin eman zioten amaiera protesta ekitaldiari.