Unai Elkoro alkateak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak eta Inma Miguel teknikariak aurkeztu dute egitaraua gaur, irailak 20. Jaiotarako antolatutako ekitaldietan parte hartuko duten hainbat elkarte eta taldetako ordezkariak ere izan dira.
Bergarako erraldoien konpartsaren kalejirarekin eta kantu afariarekin ekingo diete sanmigelei. Zapatua izango da egun nagusia; artisautza eta nekazaritza ekologikoaren azoka egingo da 27. aldiz Durana eta Mitarte kaleetan. Artisauen 30 postu izango dira, horien artetik hamar inguru aretxabaletarrek jarriak, eta nekazaritza ekologikoaren 18 erakustoki. Ganadua ere erakutsiko dute Arlutz taberna alboko kantxan. Azoka bazterrak, gainera, trikitilariek, txalapartariek eta bertsolariek girotuko dute.
Domekan, ostera, herri kirolak izango dira protagonista. Eta asteburuari bukaera emateko Aretxabaleta Abesbatzak In Memoriam Recordamur Vos kontzertua eskainiko du; pandemian hildako herritarrak izango dituzte gogoan.
Gazte mugimenduak hainbat ekintza
Gazte Mugimenduak ere gertatu ditu hainbat ekintza. Egubakoitz iluntzean bertso saioa izango da Uxue Alkorta, Maddi Aiestaran, Maite Sarasola eta Maider Altuna bertsolarien eskutik, eta ondoren, Eten taldearen kontzertua.
Zapatuan, ostera, Izenbarekuak txarangak girotuko ditu kaleak iluntze partean eta gauean pintxada kolektiboa izango da.
Egitaraua
Irailak 23, egubakoitza
- 19:00: Bergarako erraldoi eta kilikien konpartsa, erraldoiak eta buruhandiak, Bergarako gaiteroekin batera.
- 21:00: Kantu afaria Sei Pistols & Trabuko bat taldeak girotuta.
Gazte mugimenduak antolatuta:
- 18:00: Txosnan irekiera eta trikipoteoa.
- 19:00: Bertso-saioa: Uxue Alkorta, Maddi Aiestaran, Maite Sarasola, Maider Altuna
- 20:00: Kontzertua: Eten talde aretxabaletarra.
Irailak 24, zapatua
- 10:00: Diana, Aretxabaletako txistulariekin.
- 10:30: Talo-txosna, Loramendiko taldeak antolatuta.
- 11:30: Leizarra Musika Eskolako trikitilariak, kaleetan zehar.
- 12:30: Bertso saioa: Ane Zuazubiskar eta Aitor Sarriegi. Lekaixoka bertso taldeak antolatuta, Durana kalean.
- 12:45: Txalapartariak, Durana kalean.
- 13:00: Zubietako joaldunak, Aretxabaletako kaleetatik zehar.
- 14:30: Herri bazkaria, Iturrigorri frontoian.
- 17:00-20:00: Paint-ball nerabeentzat.
- 17:00: Haurrentzako bola-txapelketa, bolatokian.
- 19:00: Beinke-Loramendi dantza emanaldia, Herriko Plazan.
- 20:00-21:30 eta 22:30-00:30: Dantzaldia Iratzar taldearekin, Herriko Plazan.
- 23:00: Bola-txapelketa, Herriko Plazan.
Gazte Mugimenduak antolatuta:
- 12:00: Txosnaren irekiera.
- 19:30: Izenbarekuak txaranga kalean.
- 23:00: Pintxada kolektiboa.
Irailak 25, domeka
- 10:00: Doke txapelketa Basotxo aurrean, Basotxo elkartearen eskutik.
- 11:00: Diana, Aretxabaletako gaiteroekin.
- 13:00: Herri kirolak, Herriko Plazan.
- 16:00: Mus txapelketa Orly tabernak antolatuta; Udalak txapelak eta trofeoak ipiniko ditu.
- 19:00: Sanmigeletako kontzertua Aretxabaleta Abesbatzaren eskutik, musikariak eta dantzariak lagun dituztela. Pandemian hildakoen omenezko ekitaldia eskainiko dute bukaeran Iturrigorri frontoian.