Magia Astea berreskuratu du Kultura Sailak, bi urteko geldialdiaren ondoren. Eguaztenean eman zioten hasiera Gisell, Asier Kidam eta David Blanco magoek, eta oraingoan ere ikusmina sortu dute herritarren artean.
Hain zuzen ere, GSR zaharren egoitzan egin zituzten lehenengo emanaldiak, eta ondoren, kalean izan ziren, tabernetako terrazen bueltan zeuden herritarrei magia-trukoak eskaintzen. Kartak erabili zituzten horretarako, pilotatxoak eta gomak ere bai, eta haiek harrituta jarraitu zituzten magoen eskuen mugimenduak.
Datozen emanaldiak
Emanaldiak, baina, ez dituzte amaitu. Gisellek Sueños de una maga ikuskizuna taularatuko du gaur, irailak 15 (18:30ean). Egubakoitzean, Kidam gasteiztarrak bi tailer gidatuko ditu; 15:00etan, 7 eta 10 urte artekoendako; eta 16:15ean, 10 urtetik aurrerakoendako. Ondoren, 19:00etan, magia saioa egingo du Arkupeko oholtzan.
Zapatuan, ostera, David Blanco ilusionistaren txanda izango da, asteari amaiera emateko; Herriko Plazan egingo du emanaldia, 18:30ean.