Komentua izandako eraikina, lizitaziora

Imanol Beloki Unamuno 2022ko uzt. 21a, 12:57

Santa Rita komentua izandako eraikinean egokituko den adineko pertsonentzako gizarte zentroaren obrak lizitaziora ateratzea onartu du Aretxabaletako udalbatzak. 2,1 milioi euro baino gehiagoren truke aterako dira lehiaketara, eta urtebetekoa da gauzatzeko epea.

Aretxabaletako udalbatzak hartutako erabakiari esker, Basotxoko erretiratuen elkartearen egoitza eta eguneko arreta zerbitzua atonduko dituzte beheko solairuan, baita kapera zaharrean erabilera askotariko aretoa ere. Eskaintzak aurkezteko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik, eta esleipena urrian egitea aurreikusten da. Ezustekorik ez badago, azaroan hasiko dira lanak, eta urtebeteko epea jarri dute obra bukatzeko.

"Proiektu estrategikoa"

Eguaztenean egindako osoko bilkuran, obrak esleitzeko deialdia aho batez onartu zuten udalbatzako kideek. Bertan, Aretxabaletako Udaleko Gizartegintza Saileko zinegotziak, Karmele Uribarrik, gogorarazi zuen adineko pertsonentzako gizarte zentroa aurreko agintalditik lantzen ari diren Udal Gobernuaren "proiektu estrategikoetako bat" dela, eta pozik agertu zen obrak esleitzeko prozesuari hasiera emateagatik. "Aurrerapauso handia da, nahiz eta aurreikusi baino beranduago hasiko garen. Uste dugu Aretxabaletako herritarrentzako garrantzitsua izango dela proiektu hau, eta ez soilik pertsona nagusiendako. Diseinuan dena batuta dagoenez, espazioak elkarbanatu egingo direnez eta polibalenteak izango direnez, guztion integrazioa izango da ardatza edo eremu honen filosofia, eta, besteak beste, hilabete honetan martxan jarri dugun bakardadearen lanketa gauzatzeko inportantea izango da".

Ion Albizuk, EH Bilduko bozeramaileak, bestalde, honako hau gaineratu zuen: "Bereziki, kudeaketaren inguruan oso kritikoak izan gara, baina gero, aprobatu da proiektu arkitektonikoa. Bere garaian gure ekarpena izan zen kaperan isolamendua sartzea, ahalik eta gauza gehien egoteko, eta ez molestatzeko komentuan izango diren beste jarduerei. Hori ere txertatu da, eta proiektuarekin ados gaude".

Kapera erabilera askotariko gela bihurtuko da, herrian antolatzen diren ekintzetarako

Beheko solairua eta kapera

Lanen esku-hartzea eraikinaren beheko solairuan egingo da. Bertan, eguneko arreta zerbitzua eta Basotxoko erretiratuen elkartearen egoitza, taberna eta jantokia kokatuko dira. Bestalde, kapera erabilera askotariko gela bihurtuko da eta herrian antolatzen diren ekintzetarako irekita egongo da. Espazio osoa kota berean jarriko dute, leihateak irekiko dituzte eta instalazioa akustikoki egokituko dute. Honetaz gain, ekipamendu hau biltegi eta bainugelekin jantziko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak