HEMEN DEBAGOIENA

Jai gogoa asetzera datoz Andramaixak

Mirari Altube Arrese 2022ko uzt. 21a, 17:25

Pandemia aurreko egitarau betearekin itzuliko dira herriko jai nagusiak. Manolo Zubillagak emango die hasiera txupinazoa eta pregoia botata, eta 60 ekitalditik gora izango direla iragarri dute.

Azken bi urteetan ezin izan dira ospatu Andramaixak behar bezala, eta, hori gogoan, egitarau bete-betea gertatu dute Udaleko Kultura Sailak zein Gazte Mugimenduak. Abuztuaren 13an hasi eta 17ra bitartean 60 ekitaldi baino gehiago izango dira kaleetan, herritarrak jai giroan murgil daitezen.

Aurrekontu "potentea"

"Ohiko Andramaixak izango ditugu aurten. Herritarrak horren gogoz daudela atzematen da, eta horretara gonbidatzen ditugu. Hala ere, galdutako denbora berreskuratzeko nahiak ez gaitu itsutu behar eta elkarrekiko errespetuz jokatzeko dei egiten dut, guztiok goza dezagun jaiotan", adierazi zuen Unai Elkoro alkateak jaiak aurkezterakoan, eta Kultura zinegotzi Ainhoa Caberok berretsi zuen hori, zera gaineratuta: "Horretarako, aurrekontu potentea bideratu dugu adin tarte ezberdinak kontuan hartuta askotariko ekintzak egon daitezen". Hala, 117.902 eurora iritsi da Andramaixetako aurrekontua. Bi udal ordezkariek gaineratu zuten "ilusio handiz" landutako egitaraua dela, eta eskerrak eman zizkieten antolatzeko lanean aritu ziren pertsona eta eragile guztiei. Alkatearekin eta Kultura zinegotziarekin batera izan ziren aurkezpen ekitaldian Inma Miguel teknikaria, Jasone Garzia-Etxabe EH Bilduko zinegotzi eta Kultura batzordeko kidea eta Andramaixen antolakuntzan parte hartzen duten hainbat eragile; horien artean, aurtengo jaiak iragartzeko erabiliko duten kartelaren egilea, Nerea Iturbe Rojas aretxabaletarra.

Txupinazoa, Manolo Zubillagak


Manolo Zubillagak emango die
hasiera jaiei, hura izango da pregoia eta txupinazoa botako dituena. "Herriarekin duen inplikazioa" aitortu nahi izan diola Udalak adierazi zuen Caberok, eta Zubillaga eskertuta eta gustura agertu zen.
Alkate txikia, ostera, Ihintz
Alberdi izango da eta alkateorde txikia Unax Agiriano. Abuztuaren 16an, umeei eskainitako egunean, botako diren pregoiaren eta txupinazoaren ardura izango dute, eta biak ala biak "urduri" baina "pozik" zeuden.
Hain zuzen ere, umeei eskai
nitako ekitaldi asko izango dira jaiotan: ohikoak diren ur-puzgarriak, Potxin eta Patxin pailazoen ikuskizuna eta askotariko jokoekin osatutako parkeak, besteak beste.

Escape room karabana

Errotutako ekitaldiak eta ikuskizun berriak bateratuko dira jaiotan, eta berrikuntzetako bat Escape room karabana da; abuz-
tuaren 14tik 17ra bitartean Kur
tzebarri Eskolako kantxan izango da. 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute –10 urtetik aurrerakoek, heldu batekin–, bi pertsonatik bostera arteko taldeetan; 90 minutuko saioak izango dira. Debalde izan arren, txanda aurrez hartu beharko da honako helbide honetan: www.lacaravanaescaperoom.com. Kultura teknikariak aurreratu zuen gaia ez dela beldurgarria izango.

Berreskuratu egingo den ekitaldi bat ere badago: su artifizialak. Sasoi baten legez, abuztuaren 15ean botako dira (23:00).

Kirol kontuak
Kirolari dagokionez, abuztuaren
16an, Leintz bailarako txirrindulari lasterketaren 82. edizioa jokatuko da, Durana kalean hasi
eta bukatuko dena. Egun horre
tan pilota profesionaleko partidak ere izango dira Iturrigorri pilotalekuan: Jakak eta Arangurenek jardungo dute, 2022ko promozioko buruz burukoan txapela irabaziko duenak –Artola edo Peña II.a– eta Albisuk osatutako bikotearen aurka.

Bestetik, bolatokia zabalik izango da jaietan 17:00etatik 20:00etara, eta haurrendako zein helduendako txapelketak antolatu dituzte.

Txosnagunean ekitaldi mordoa

Txosnagunea ohiko lekuan jarriko dute, Eroski aurrealdean. Gazte Mugimenduko kideek asanblada irekiak egin dituzte eta hor jasotako ekarpenekin egitarau bete-betea osatu dute. "Aurreko urteetan ez dugu izan aukerarik gura beste ekintza egiteko eta aurten horri buelta eman diogu. Kultura ekintza asko eta askotarikoak egongo dira", jakinarazi zuen Gazte Mugimenduko partaide Peio Uribetxebarriak. Musikak presentzia handia izango du, bereziki gau partean, eta etxeko taldeen alde egin dute: "Herrian bertan mordoa daude, kuartelean, esaterako, baina kanpokoei ere lekua egin gura izan diegu, eta bietatik izango da". Horrez gain, Kepa Errastiren bakarrizketa eta Orain(dik) ikuskizuna ere izango dira, baita ohikoak diren gazte eta elkartasun bazkariak eta kuadrillen arteko jolasak ere. Horregatik, gazte guztiak gonbidatu zituen bertara gerturatzera, "sekulako jaiak" izango direla iritzita.

Egitaraua

Udalak eta Gazte Mugimenduak antolatutako ekitaldiak.

Abuztuaren 13a

  • • 14:30 Herri bazkaria: zuk in, zuk jan.
  • • 18:00 Txosnen irekiera.
  • • 18:15 Musika emanaldia: Irene eta Peio; Araitz Doltza.
  • • 19:30 Pregoia eta batukada aldarrikatzailea.
  • • 22:00 Kontzertuak: Txerrikumeak, Nealtta fola, Jasan, Gora etorri.

Abuztuaren 14a

  • • 12:30 Trikipoteoa.
  • • 14:30 Gazte bazkaria, txosnagunean. Ostean bingo musikatua.
  • • 16:00 Mus txapelketa.
  • • 16:00 Ur puzgarriak, Arlutzeko kantxan.
  • • 19:00 Ikurrinari agurra, pregoia eta txupinazoa. Jarraian, Bihotza konpartsaren erraldoiak.
  • • 19:30 Ekitaldia, txosnagunean. Ostean, poteo dinamikoa.
  • • 20:00 Salbea.
  • • 22:00 DJ Mikeltxi, plazan.
  • • 22:00 Kontzertuak, txosnagunean: Iluminatizz, Virgin Mari DJ Set, Big Mac, Gusilu & Joe Pieman & BRGS.
  • • 23:00 Psycho Clown kale ikuskizuna.

Abuztuaren 15a

  • • 10:00 Diana.
  • • 11:00 Pilota partiduak.
  • • 11:00 Udalbatzako kideak eta Milagroko banda zaharren egoitzara bisitan.
  • • 11:45 Elizbira.
  • • 12:00 Meza nagusia.
  • • 12:30 Diskopuntx haur ikuskizuna.
  • • 13:00 Umeendako jolasak.
  • • 13:30 Milagroko musika bandaren emanaldia.
  • • 18:30 Los Rebeldes del Swing kale animazioa.
  • • 19:30 Kontzertua: Nhil. Txosnetan.
  • • 21:00 Kaltzontzilo, kulero eta tanga tailerra.
  • • 22:30 Kontzertua: El Drogas. Herriko Plazan.
  • • 23:00 Suzko erruberak.
  • • 23:00 Kontzertuak: Oihu, Erroka, Sound System. 
  • • Ondoren, galtzontzilo, kulero eta tanga lasterketa. Zumba eta argazki erraldoia.

Abuztuaren 16a

  • • 10:00 Txirrindulari lasterketa.
  • • 11:00 Herri kirolak haurrentzat.
  • • 11:30 Alkate txikien pregoia eta japoniar bonben jaurtiketa. Ondoren, buruhandiak.
  • • 13:00 Potxin eta Patxin pailazoak.
  • • 14:30 Elkartasun bazkaria Upeide taldearekin, txosnagunean.
  • • 16:30 Haur parkea.
  • • 17:00 Bola-txapelketa haurrentzako.
  • • 17:30 Profesionalen arteko pilota partidak.
  • • 18:30 Kepa Errastiren bakarrizketa, txosnagunean.
  • • 18:30 Txorotxaranga, haurrentzako kale ikuskizuna.
  • • 19:30 Bola-txapelketa.
  • • 22:00 Blues kontzertua: Itziar Yagüe Sextet. Herriko Plazan.
  • • 23:00 Kontzertuak, txosnagunean: Biri, Merina gris eta Yogurina Borova.
  • • Ondoren, pintxada kolektiboa.

Abuztuaren 17a

  • • 11:00 Diana.
  • • 11:30 Animaliekin jolasak.
  • • Ondoren, sokamuturra.
  • • 12:30 Bide batez taldearekin dantzaldia, plazan.
  • • 14:30 Herri bazkaria: paella.
  • • 15:30 Ur jolasak eta kuadrillen arteko jolasak, plazan.
  • • 17:30 Animaliekin jolasak.
  • • Ondoren, sokamuturra.
  • • 18:00 Mojito eta pintxada.
  • • 19:30 Kuadrillei sari banaketa.
  • • 19:45 Rockalean taldea.
  • • 23:00 Wilson & Wilsonetis taldea, plazan.
  • • 23:00 Kontzertuak, txosnagunean: Wood Strings, Hudaltzainak, Muxutruk erromeria.
  • • Ondoren, jaien amaierako gala eta Jo Ta Txo DJa, txosnagunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak