Aitaren familiaren partetik, datorkio bereziki musikarekiko zaletasuna. "Elkartzen garenean, askotan, kantatzeko ohitura dugu, batek gitarra hartuta, eta pianoa eta bestelakoak besteek. Txikitatik izan dut musika oso presente. 7 urterekin hasi nintzen herriko Leizarra musika eskolan, eta musika ikasten jarraitzen dut oraindik, nire kontura bada ere. Aitak erakutsi zizkidan gitarra jotzeko lehen akordeak eta Youtuben aurkitzen ditut bestelako askotariko ikasgaiak eta tresnak".
Irakaskuntza ikasketak egiten ari da egun. "Ofizioz irakasle izan gura nuke etorkizunean, oso gustuko ditut haurrak. Musika ikasketak egiteko pazientzia gutxi dut, baina orduak pasa nitzake musika sortzen eta kantuak grabatzen. Musika afizio oso polita da, asko transmititzen dit eta, horrez gain, gauza on asko ematen dizkit".
Bertsioak, oraingoz
Gustuko dituen kantuen bertsioak egiten ditu, oraingoz. "Denetariko musika entzuten dut. Etxean, betidanik, gurasoek jarrita, Mikel Laboa, Benito Lertxundi... asko; eta gaur egun, Zetak, ETS, rockerragoak ere bai... Estilo askotariko musika gustatzen zait, eta hor daukat dilema gero, sortzen eta entzuten dudana estilo oso ezberdinekoa delako".
Dagoeneko egin ditu batzuk, oraingoz gordeta baditu ere. "Azpiegitura justuarekin, etxean grabatzen dut eta emaitza ez da nik gura nuke besteko profesionala; hortaz, asko daukat oraindik ikasteko eta uda osoa dut aurretik".
37.000 jarraitzaile Tiktoken
Sarasuak ere sare sozialak ditu sormen lanen erakusleiho. "Instagramen DanelSG da kanalaren izena eta Danel.01 naiz Tiktoken. Azken horretan 37.000 jarraitzaile ditut, baina kopuru hori tentuz hartu behar da; izan ere, horietatik zenbat etorriko lirateke nire kontzertu batera? Kar-kar-kar".
Gaztea Cover lehiaketan "oso pozik"
Umami taldearekin jokatu zuen buruz burukoa. Ez zuen saririk eskuratu, baina "esperientzia itzela" izan da Aretxabaletako musikariarentzako. "Pena apur bat hartu nuen bukaeran, baina aurkeztu nintzenean ez nuen espero haraino heltzerik; beraz, oso pozik nago egindakoarekin. Inguruan apenas dut musikari- lagunik, eta lehiaketaren bidez musikari on eta jator asko ezagutu ditut; tartean, Elgetako Unai Cantabrana".
'Akordeak' musika tartean
Aste honetako Hemen Debagoiena-ko musika tartera gonbidatu dute, eta, gitarra lagun, En Tol Sarmiento (ETS) taldearen Heldu da garaia abestia eskaini du Aretxabaletako udaletxeko lorategitik
Puntua aldizkariko artikulua
Uztailaren 15eko alerako egindako artikulua da hori. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!