Agurtzane Elkoro: "Marka oso handia da herri txiki batean 75 urtez mantentzea"

Jon Irizar Aranguren 2022ko uzt. 19a, 10:17

Urteurrena ospatzen ari da kirol elkartea azken urtean, 75.a. Sei urte daramatza aretxabaletarrak presidente postuan, aldez aurretik kirolari lotuta ibili den arren. 75 urte igaro eta gero jaso duten oinordekotza goraipatzen du, eta ez du imajinatzen UDA Aretxabaleta gabe, ezta Aretxabaleta herria UDA gabe ere. Hona PUNTUAko uztailaren 15eko alerako egindako elkarrizketa. Eta ostiralero PUNTUAko eduki guztiak sarean edota paperean irakurri nahi badituzu, egin zaitez kide!

Balioak transmititzeko nahiak bideratu zuen Agurtzane Elkoro (Aretxabaleta, 1971) UDAko zuzendaritzara. Zehatzago, aita galdu zuen eta haren hutsunea betetzeko bide bezala ikusi zuen elkartearen zuzendaritza, aitak irakatsitako balioak transmititzeko modu bat. Pozik dago zer lortu den 75 urtean baloratutakoan, eta garbi dauka zein den jarraitu beharreko bidea.

Nola heldu da UDA 75. urteurrenera?

Urteurreneko leloa Herriaren hauspoa da. 75 urtera heldu da herriagatik, Aretxabaletagatik. Beti berdina kontatzen dut. Niretzat gauza naturala izan zen presidentetza hartzea, eta inongo konpromiso barik hartu nuen; gainera, pozik. Baina gogoratzen dut presidente kargua hartu nuenean kalean agurtzen ninduela jende mordoak eta ni, tira... onartu beharko dut UDA dela Aretxabaleta herria. UDA ez da ezer Aretxabaleta gabe eta esango nuke Aretxabaleta ez dela ezer UDA barik.

Hamaika ekitaldi antolatu dituzue. Alde, batetik, iraganari begira jarri zarete; besteak beste, 1971- 1972ko denboraldian Espainiako afizionatu txapelketa irabazi zutenak omendu dituzue, eta presidente izan direnak. Garrantzitsua da iraganean lortutakoa gogoratzea?

Guztiz. 75 urtez 7.000 biztanleko herri batean kirol elkarte bat mantentzea ez da erraza. Naturaltasunez kontatzen dugu, baina izugarria da. Marka oso handia da herri txiki batean 75 urte mantentzea horrelako proiektu bat. Agian, egin dezakete Realak, Irunek eta Tolosak, baina Aretxabaleta da. Ez dugu ahaztu behar zer garen gure umiltasunetik, gure txikitasunetik, zer egin dugun eta zenbat jokalari dauzkagun.

Agurtzane Elkoro, UDAko presidentea, lehenengoz futbolean jokatu zuten emakumeen argazkiaren aurrean. (Argazkia: Beñat Alberdi Igartua)

75 urtean lortutakoak azpimarratu dituzue?

Hori da. Orain dela 50 urte lortu genuen Espainiako txapeldun izatea. Horretaz aparte, txirrindularitzan daukagu Espainiako bigarren lasterketa zaharrena, Espainiako Vuelta baino zaharragoa. Pilota desagertzen ari da herri askotan, eta hemen indartzen dabil. Karatean orain dela 25 urtetik talde bat daukagu. Horrenbeste gauza dauzkagu... UDA futbolarekin nahasten den zerbait da, baina askoz gehiago da. Ez dugu ahaztu behar UDAren indarra futbolean dagoela, baina gauza asko eta beste kirol asko dauzkagu inguruan. Familia erraldoia, ia astero elkartzen dena.

Kirolari profesional bilakatu dira UDAn bidea hasi zuten asko, ezta?

Ez hasi bakarrik, UDAn jarraitzen dute. Gure sinbolo Andoni Zubizarreta daukagu, Jose Javier Barkero ere bai. Barkerok oraindik gure klubera lotuta jarraitzen du. Jarraitzen dute jokalariek irteten. Gero, gainera, etxera buelta naturala daukate, maitatuak sentitzen direlako eta klub hau maite dutelako, eta klub hau ez dute presidente edo zuzendaritza batek egiten, herri batek egiten du. Denon etxea da.

Zentzu berean prestatu duzue Herriaren hauspoa, dokumentala eta hamaika testigantza jaso dituzue UDAren lanarekin lotuta. Herritarren esperientzia gorde nahi izan duzue?

Bi momentutan saiatu gara UDA zer den azaltzen: dokumentalarekin eta erakusketarekin. Ekaitz Zilarmendik prestatu du erakusketa, momentu honetan Arkupen ikusgai dagoena. Dokumentalean, elkartearen bizitza ikusarazi gura izan dugu bertako protagonistekin. Bestean nahi izan dugu kanpoko pertsona batek, klubaren lotutarik ez daukan batek, UDA azaltzea. Gu oso maiteminduak gaude, baina kanpotik, agian, beste ikuspuntu bat dago.

"Gizartea ez dugu aldatuko emakumeok ez bagaude erabakiak hartzeko tokietan"

Zer da, egun, UDA Aretxabaleta herriarentzat?

Kirola. Horrela laburbilduko nuke. UDA kirola da. Kirola egin nahi duen aretxabaletar oro UDAra etorriko da.

Eta kiroletik kanpo?

Nik uste dut herrian erreferentzia garela, herritik kanpo ez dakit... Oso txikiak gara, 7.000 biztanleko herri bat. Beste klub batzuentzat erreferente bat da, Gipuzkoan eta Bizkaian. Askotan esan didate, Realak berak, ez garela gelditzen, edo Athleticek, zelako kluba garen.

Beste alde batetik, solasaldiak zein partidak antolatu dituzue futbolaz gaindiko beste kirolariekin, korrikalariekin, pilotariekin eta txirrindulariekin, kasurako. Mendi irteerak ere prestatu dituzue. UDA futbolaz kanpo ere existitzen dela erakutsi duzue?

Ez dago zentratuta futbolarekin, kirol guztiekin dago zentratuta. Ñabardura inportantea da. Guztira, 635 kirolari dauzkagu, 400 futbolari. Ez da futbola bakarrik, baina futbola oinarri nagusi bat da. Futbolean erakusten dugu, baina hezi kirolean, eta hori da garrantzitsuena. Kirol balio batzuetan hezten ditugu. Zenbat eta jende gehiago egon, orduan eta jende gehiago heziko dugu balio horietan eta gizarte hobea egiten saiatuko gara.

Kirolean irakasten diren balioak heltzen dira gizartera?

Hori da gure ideia nagusia. Beti berdina esaten dut. Profesionalak irtengo dira bi edo hiru, 20 urtean behin bat irteten da profesional. Urtero 636 kirolari badauzkagu, bider 20 asko dira. Pertsonak hezten ditugu, eta ez dugu hori ahaztu behar. Gure lana eta UDAren lana pertsonak heztea da balio batzuetan. Balio konkretu batzuetan.

Hainbat kiroletan hezten dituzue. Aukera bada kirol eskaintza zabaltzeko kirol gehiago sartuta?

Beharra balitz, saiatuko ginateke. Esaten badigute lortu behar dugula ez dakit zer, curlinga, ba, curlinga lortzea litzateke. Gure lanak hori izan behar du, kirolean heztea pertsonak. Beti beste elkarteak errespetatuz. Hemen saskibaloia ez da egongo. Eskoriatzan eta Arrasaten dago. Bailara handia da, bailarak denontzat dauka lekua, eta kirol guztientzat. Hemen mutiko bat ez badabil futbolean gustura: "Zer gustatzen zaizu?". "Saskibaloia". Ba, oraintxe Eskoriatzara dei bat. Hori da gure lana.

Urteurreneko ekintzetan, emakume kirolarien presentzia nabarmena izan da; pilotan eta txirrindularitzan, adibidez. Fokuan jarri duzue emakumeen kirola?

Bai. Ez dugu ahaztu behar Mondrarekin eta Arizmendirekin hiruko talde bat daukagula emakumeen futbola bultzatzeko. Nire sentsazioa da, emakume ikuspuntutik, emakumeen kirolarekiko gehiago egin daitekeela eta egin beharko genukeela. Gure fokuak hor egon behar du, ahaztu gabe mutilak; berdintasunean sinesten dugu. Ez da dena bakarrik mutilak edo emakumeak. %80 handi bat mutilena daukagu, baina bultzatu beharko genuke emakumeak kirolean sartzea, badakigu-eta zenbat sufritzen duten, ni lehena. Gainera, ikusten dugu UDA aukera ona dela. Hainbeste pertsona elkartzen direnez, talde arteko elkarbizitza hori oso garrantzitsua da emakumeen kirolari bultzada emateko. Egia da emakumeek kirola askoz lehenago uzten dutela, eta fokua hor ere ipini behar dugu, euren kirol bizitza bultzatzeko.

"Pertsonak hezten ditugu, ez dugu hori ahaztu behar; gure lana pertsonak heztea da"

Aldatu egin da emakumeen egoera kirol munduan sartu zinenetik?

Emakumeen papera ez da kirolean bakarrik, zuzendaritzetan ere egon behar dute. Emakumeen ikuspuntua, desberdina, ez hobea edo txarragoa, egon egin behar da. Gizartea ez dugu aldatuko emakumeok ez bagaude erabakiak hartzen dien lekuetan. Hori bultzatu behar dugu. Mundua aldatzen da emakumeok egunero zerbait egiten badugu, bestela mundua ez da-eta aldatzen. Errespetu osoarekin eta berdintasun filosofia horrekin.

Eta praktikatzen duten kopurua igo egin da?

Igo egin da, baina erreferentziak falta ditugu. Saiatzen gara antolatutako ekintza guztietan emakumearen presentzia bermatzen; adibidez, mendi lasterketetan, Ainara Urrutia bat agertzea oso garrantzitsua da. Emakumeok erreferenteak behar ditugu.

Gazteek drogarik kontsumitu ez dezaten lan egin duzue San Juan de Dios ospitalearekin batera. Nolatan sartu zarete gaian?

Aukera bat eman zigutelako. Ikusgarritasunera goaz berriz. Ikusten genuen arazoa zegoela, baina ikusten duzunean errazena da beste aldera begiratzea. Lehenengo batzarrera hiru emakume joan ginen. Esan genuen zerbait egin behar genuela bai edo bai; begiak zabaldu zizkigun. Ikusi genuen errealitatea edozeini pasatu liezaioke, edozein aretxabaletarri, eskoriatzarri, debagoiendarri... Zerbait egin behar da. Kontsumoa oso altua da bailara honetan.

Gai korapilatsua izaten da. Zein ekintza garatu dituzue?

San Juan de Diosekin batera, egoeraren argazkia erakutsi genuen gure familien artean. Jokalariak 600 dira; beraz, 1.200 guraso daude. Ondoren, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalekin batera eta Huhezirekin master bat prestatu dugu. Azkenean, drogak ondorio bat dira, afektibitate falta baten ondorioa, gure gizartearen ondorioa. Erakutsi digute zein tresna erabili behar diren gizarteak dauzkan akats horiek bideratzeko. Datorren urtetik aurrera ikastetxeetara helarazi nahi dugu ikasi dugun guztia.

Agurtzane Elkoro, atzean Ibarra futbol zelaia daukala. (Argazkia: Beñat Alberdi Igartua)

500 neska-mutikotik gora dauzkazue taldeetan. Euskara sustatzeko dinamika martxan duzue Loramendi elkartearekin eta Udalaren laguntzarekin. Zergatik?

Euskara gure hizkuntza da eta guk, zuzendaritzan, ez dugu ulertzen gure hizkuntza zergatik ez den hitz egiten edo duen galera bat, zergatik fuera de juego esan behar den eta ez jokoz kanpo, zergatik gure neska-mutilak ez diren bizi euskaraz. Azken batean, Euskal Herrian bizi gara eta euskara gure hizkuntza da. Euskal herriak daukan hizkuntza ez badugu mantentzen, galduko den gauza bat izango da.

Zer ekintza garatu dituzue?

Nahiko drastikoak izan gara; batzuetan lortu dugu, beste batzuetan ez. Gure zuzendaritza bilerak euskaraz dira, adibidez, eta komunikazioak ere bai. Gizarteak daukan arazo bat da nola transmititu gazteei euskararekiko bizipen hori. Baina hori da gabiltzana lortu nahian. Datorren urtetik aurrera beste proiektu batean sartuko gara, Emun-ekin batera, gure jokalariak eta hezitzaileak euskaraz hezteko. Euskaraz bizi behar dute.

Euskara jalgi hadi plazara ekimenean parte hartu zenuten Gipuzkoaren ordezkari. Nola iritsi zineten horra?

Proiektu batean hasi ginen, erreferente bezala saldu zen proiektu hori, eta deitu egin gintuzten. Argi dago gure lana horra joatea dela, hori gabiltzalako bultzatzen. Bultzatzen dugun horretan goian egon behar dugu eta jokalariek transmititu behar dute hori.

Nola baloratzen duzue parte hartu izana?

Deitu gintuztenean, ohorea izan zen. Gainera, sasoia bukatuta zegoen eta ez zeukan inongo kosturik hara joateak. Hori bultzatu behar dugu. Egin dugun lanaren onarpen bat jaso genuen. Askotan, klub erreferente bat garenez, onarpena baino gehiago, ekintzetara joan nahi dugu. Onarpenak ondo daude, baina gure lanak izan behar du lantzea, lantzea eta lantzea. Beti lanean egon behar dugu; euskararekin, are gehiago.

"Ez dezagun ahaztu UDA zer den, eta utzi diguten gizarte hau mantendu eta hobetu dezagun"

Zenbait partidutan arazoak egon dira, taldeekin eta epaileekin. Bi saio egin dituzue Realaren gidaritzapean, gaia bideratzeko. Eragileei eta norbanakoei zabaldu zenieten gonbidapena. Zer atera duzue?

Balioetan oinarrituta plan estrategiko bat egin nahi dugu hurrengo hiru urteetan. Horretarako elkartu ditugu Aretxabaletako 60 pertsona eta entitate ezberdin. Azkenean, galdera da nolako Aretxabaleta, Eskoriatza edo bailara nahi ditugun. Hori da gure lana, horra bideratzea. Herritarrek eta bailarak nahi duten lekura joango gara.

Zein lan gelditzen dira hurrengo urteetarako?

Beti esango dut berdina. Aprobetxatu dezagun zer den UDA. Ez dezagun ahaztu zer den, eta utzi diguten gizarte hau mantendu dezagun eta hobetu dezagun. Hori da, zelanbait, hurrengo urtetarako lana. Askotan, balioetan hezitako gizarte bat galtzen gabiltzan sentsazioa daukat, eta, pertsonok balioak galtzen baditugu, gizarte bat galtzen dugu. Ez litzaiguke gustatuko, guri, behintzat, gure atzeko pertsonek itxi dutena guk galtzea: 75 urteko emaitza da UDA.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak