Aretxabaletak ere izango du mendi lasterketa

Mirari Altube Arrese 2022ko eka. 21a, 16:26

Ikazkin trail izena jarri diote, 21 kilometroko luzera eta 1.130 metroko aldapa izango ditu eta irailaren 10ean jokatuko da, Kurtzebarri inguruko parajeetan. UDA dabil antolaketa lanetan, eta dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea.

Aretxabaleta kirol elkartearen 75. urteurrenarekin batera dator herriko lehenengo mendi lasterketa, eta UDAko zuzendaritza batzordeko hainbat kidek –Julen Ezeiza, Iñaki Ibarrondo, Dorleta Ezeiza eta Ainara Muga– buru-belarri dihardute hori antolatzen azken asteetan.

"Lasterketa hori antolatzeko gogoa urteurrenaren aurrekoa da, baina hori hartu dugu aitzakia abian jartzeko", adierazi du Julen Ezeizak, eta gaineratu: "Kurtzebarri mendiak eskaintzen dituen aukerak jakinik, horiek aprobetxatu gura ditugu; izan ere, oso mendi berezia da".

Ibilbide "polita"

Ikazkin trail izenarekin lanbide hori ekarri gura izan dute gogora: "Ikazkin mordoak egiten zuen sasoi baten ikatza Kurtzebarri inguruko basoetan, eta, ibilbidea paraje horietatik pasatuko denez, istorio horiek bistaratzea da asmoa, eta haien lana goraipatzea".

Zehaztu duten ibilbideak 21 kilometro ditu, eta 1.130 metro- ko desnibela. "Herriaren bihotzean emango diogu hasiera, oraindik ez dugu zehaztu Durana kalean edo Herriko Plazan". Handik Areantza auzora joango dira bidegorritik eta Kurtzebarrira igo mendi ertzetik; Elorretako Haitzetik pasatu, Kargalekutik Degurixara eta Andarto mendiaren atzealdetik berriro Kurtzebarriko ertzera itzuliko dira, handik Urkulura jaisteko eta Aretxabaletan bukatu. "Ibilbideak paraje benetan politak ditu: mendi ertzetik izugarrizko bistak daude bai Urkulura, bai Eskoriatza aldera... Eta gero, pagadi berezi batetik pasatuko dira. Degurixak ere badu bere enkantua. Hortaz, kontraste handiko ibil- bidea eta zoragarria".

Izena ematen hasita

Irailaren 10ean jokatuko da eta izen-emate epea zabaldu berri dute; 300 mendi lasterkarik izan- go dute tokia. Dagoeneko 30 bat lagunek eman dute izena, eta hamarretik gora direla aretxabaletarrak adierazi dute: "Zaletasuna badago eta hori da garrantzitsuena guretzat". Horregatik, lasterketatan ibili ez diren herritarrak ere "probatzera" animatu dituzte.

Urteko bigarren seihilekoaren alde egin dute data aukeratzerakoan, lasterketa gutxiago dagoelakoan: "Abuztu arte mordoa daude, egutegia beteta dago, eta aukera ikusi genuen irailean egiteko. Bestetik, eguraldiari dagokionez, nahiko segurua izaten da udazkenaren atarian". Izena emateko epea irailaren 3an itxiko dute.

Geratzeko datorren lasterketa

Geratzeko datorren lasterketa da: "Ikusi egin behar zer ematen duen lehenengo honek baina ondo hausnartu dugu, eta jarraipena eman gura diogu", dio Ezeizak, eta gaineratu du: "UDAren helburua kirola egitea da eta horretarako, zenbat eta aukera gehiago eskaini hobeto. Badakigu zenbat lan eskatzen duen horrek, baina gertu gaude aurre egiteko. Gainera, laguntza handia jasotzen dugu herritarren aldetik, eta oraingoan ere konfiantza dugu haiengan".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak