Batzokiaren berrinaugurazioan Egibarrek "amnesiaren aurrean, memoria; adanismoaren aurrean, errealitatea; kamuflajeren aurrean, egia eta benetakotasuna", defendatu ditu

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 9a, 10:05

Aretxabaletako batzokiaren berrinaugurazio ekitaldia egin dute gaur eguerdian, eta Debagoieneko EAJko aurpegi ezagunak batu dira bertan. Aurreskuarekin hasi dute ekitaldia, eta Xabier Otxoa Uri Buru Batzarreko presidenteak Joseba Egibarri eman dio hitza, izan ere, ekitaldi politikoa izan da luntxaren aurretik. Hala, GBBko presidenteak "Euskadiren eraikuntza nazional eta sozialerako EAJ eredua" aldarrikatu du.

Aretxabaletako batzokiaren berrinaugurazioan, Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak Eusko Alderdi Jeltzalearen herri eredua izan du mintzagai. Ildo horretan, EAJren ideologia oinarrizko hiru zutabetan zedarritzea azpimarratu du: "Euskadiren existentzia eta erabakitzeko eskubidea, balio demokratikoetan sakonki sinestea, eta justizia sozialean oinarritutako ekintza politikoa”. Oinarri horiekin, "EAJk 125 urte baino gehiago eman ditu gure herriaren eraikuntza nazionalean eta sozialean lanean”. Eta ibilbideak bermatzen dituela gaineratu du, "erabaki estrategiko nagusietan asmatu egin dugulako".

EAJren jarreraren ezaugarriei dagokionez, "eraikitzaileak, baikorrak, aurrerakoiak, elkarlanera irekiak eta abertzaleak gara, berdintasunaren alde, askatasunaren alde eta gizarte hobe baten alde lan egiten dugu", nabarmendu du.

Puntu horretan, ezker abertzaleari eragiten dioten "amnesia eta adanismoa" aipatu ditu, kamuflatzera eramaten dutenak. "Amnesia dute, giza eskubideak ardatz bezala hartuta, iragana irakurtzeko eta etorkizuna eraikitzeko", azaldu du. "Hor zulo beltz bat dute. Ez dute ezer gogoratzen, ez dakite non zeuden, zer egin zuten, zer esan zuten", azpimarratu du. "Adanismoa, haien ustez, ez delako ezer ondo egin; beraiekin hasten da mundua", azaldu du. "Irekitzeko begiak esan behar zaio eta aitortu egindakoa lankidetza-bideak ireki ahal izateko", gaineratu du. "Kamuflaje politikoa beren iraganari aplikatzen dioten amnesiaren eta herrialde honetan azken lau hamarkadetan sozialki eta nazionalki eraikitakoa ez aitortzearen ondorioa da; ez baldin badute ezer gogoratzen eta ezer ez bada egin azken hamarkada guzti hauetan, erabakitzen dute kamuflatzea EAJ eredua tuneatuz", ondorioztatu du. "Amnesiaren aurrean, aplikatu behar zaie memoria eta giza eskubideak; adanismoaren aurrean, errealitatea eta berrogei urtetako herrigintza; eta kamuflajeren aurrean, benetakotasuna eta egia", azpimarratu du.

Joseba Egibarrek EAJk ezartzen dituen etorkizuneko helburu nagusiak zehaztuz amaitu du hitzaldia: "pertsonak zaintzea eta zerbitzu publiko sendoak eustea; garapen ekonomikoa, justizia soziala eta subiranotasun politikoa; autogobernu osoa subiranotasunaren ondorioz; euskara gure politikaren zeharkako ardatz gisa; eta nazio izaera zaindu eta landu", amaitu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak