Hainbat gunetan erre dituzte edukiontziak Aretxabaletan, azken asteetan. Ilargi plazako edukiontziak, Errekabarren kalea eta Belorrieta auzoaren artean daudenak, Geltoki kalekoak edo Nafarroa kalekoak. "Jakin nahiko genuke zein den, edo zeintzuk diren suteen egileak. Modan jarri da, eta batzuei etxeratzerakoan eta gau erdian grazia ematen diela dirudi edukiontziak erretzeak", adierazi du Unai Elkorok, Aretxabaletako alkateak.
Ekintza-plana abian
Ertzaintzatik adierazi dutenez, ekintza-plan bat jarri dute abian, tokiko agintariekin lankidetzan, eta prebentzioaren zein ikerketen lana areagotu dutela adierazi dute. Poliziaren presentzia eta kontrolak handitu dira eremu eta ordutegi zehatzetan, eta ikerketek aurrera jarraitzen dute, ustezko egilea edo egileak identifikatzen saiatzeko.
Hala ere, arazo honi irtenbidea ematea ez dela erreza ere adierazi du Unai Elkorok, Aretxabaletako alkateak: "Bueltak ematen ari gara buruari, zer egin pentsatzeko, baina oso zaila da. Ertzaintzarekin egon gara, baina, ezin dituzu kontrolatu gau guztian, gune guztiak. Beste bide batzuk jorratzen ari gara eta ikusiko ditugu aukerak. Egia esan, herritarrak ere nazkatuta daude egoerarekin, eta zerbait adostean aurkeztuko dugu".
Aretxabaletako kalteak 24.300 eurokoak
Debagoieneko Mankomunitateko ingurumen sailetik adierazi dutenez, abenduaren 23tik urtarrilaren 23ra bitartean 34 edukiontzi erre dira bailaran, horietatik 25 Aretxabaletan. Edukiontzi bakoitzaren prezioa 800 eta 1000 euro inguru artekoa da, eta beraz, Aretxabaletako suteen kalteak konpontzeko, 24.300 euro inguru bideratu dituzte; eta bailarako edukiontzi guztien kalteetara, berriz, 30.500 euro inguru.
"Ez da, soilik, kalte ekonomikoa. Guztion artean ordaintzen dugu, Mankomunitateak jartzen ditu, eta ez da bakarrik Aretxabaletako Udalaren kontua. Hala ere, erre dituzten edukiontzi kopurua oso handia da".