Hainbat emendakin aurkeztu ditu EH Bilduk 2022ko udal aurrekontura begira

Mirari Altube Arrese 2021ko abe. 16a, 16:32

"Oinarrizko baldintzen" artean jarri ditu Gobernu batzordean parte hartzea bermatzea eta eraikinen garbitasunaren gaineko azterketa egiteko konpromisoa. Bestetik, kultura arloaren funtzionamendua aldatzea gura dute. Eta horiez gain, proposamen zehatz batzuk ere egin dituzte.

Udal Gobernuak 2022rako proposatutako aurrekontuaren gaineko baloraziorik ez du egin gura izan EH Bilduk, "bi alderdien arteko negoziaketen bidea oraindik ez delako agortu", baina bai zehaztu dituzte adostasunerako proposamen batzuk, hiru ataletan banatuta.

Gobernu batzordeko parte

Lehen atalari dagokionez, "partidarik ez duten baina oinarrizkoak diren bi aspektu" onartzea "ezinbestekotzat" jo dute, eta horien artean dago Gobernu batzordean parte hartzea bermatzea. "EH Bilduko ordezkari batek Gobernu batzordeko bileretan, eta gonbidatu gisa, parte hartu ahal izatea proposatu dugu", azaldu du Ion Albizu bozeramaileak, eta argitu du hori "estrategikoa" dela eta herriko batzarraren onespena duela. Bigarren aspektua da eraikinen garbitasuna Udalak bere gain hartzeko azterketa egiteko konpromisoa: "Udalarendako %15 merkeagoa izango litzateke eta langileen soldatak proportzio berean igoko lirateke".

Bigarren atalean, kultura arloaren bueltan egindako osoko zuzenketa dago: "Herriko eragileen esku uztea da proposamena".

Proposamen zehatzak

Hirugarren atalean, proposamen zehatzak jaso dituzte eta horien artean lau nabarmendu dituzte: auzoetan hobekuntzak egiteko auzo alkateen esku uztea partida bat –30.000 euro–; energia sortzeko udal eraikin guztietan eguzki plakak jartzea; Aretxabaletako teilatuen ahalmen fotovoltaikoen ikerketa egitea; eta herriko komunitate energetikoa martxan jartzeko aholkularitza zerbitzua kontratatzea –15.000 euro–. "Auzo alkateen esku diru bat utziko litzateke, plangintza bat egiteko, lehentasunak ezarri, eta gero Udalak lanak egiteko".

Herriko hainbat eragilerekin egon ostean beste proposamen batzuk ere jaso dituzte. Hona hemen: Basabeazpi aurrealdean estalkia jartzeko proiektua; kuartelaren eraikinean argindarraren beharrezko konponketak egitea; kuartelaren egituraren inguruko txostena; eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko bekak sortzea; eta pilotalekua egokitzeko lanen proiektua.

2022ko Udal aurrekontua onartzeko osoko bilkura datorren eguaztenean, abenduaren 22an, egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak