Aretxabaletako ordezkari publikoek euskal presoen eskubideak aldarrikatu dituzte modu bateratuan

Hasier Larrea 2021ko abe. 11a, 11:26

Ezberdintasun ideologikoak alde batera utzita, Aretxabaletako Udaleko gaur egungo zein iraganeko 70 ordezkari publikok pertsona guztien giza eskubideen defentsa aldarrikatu zuten atzo, hilak 10, Giza eskubideen nazioarteko egunean.

Biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa merezi dutela adieraztearekin bat, ETAko presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika salatu zuten Iturrizar plazan, giza eskubideen aldeko monolitoaren alboan: "10 urte pasa dira ETAk armak utzi zituenetik".

Trantsizio garaitik hona 109 zinegotzi eta alkate egon dira Aretxabaletan. Horietako 100 daude bizirik, eta 70ek babestu dute ekimena: alderdi guztietako ordezkariek, PPkoek salbu. %70eko babesa lortzea "positiboa" dela nabarmendu zuten parte hartzaileek.

Legea betetzea eskatu dute

Elkarretaratzean Garikoitz Garcia euskal preso aretxabaletarra izan zuten gogoan. 11 urte daramatza espetxean, eta azaroan Zaballara lekualdatu zuten. Horrek senide eta lagunen zigor gehigarria amaitzea ekarri zuela aipatu zuten. Hala ere, ETAko presoek legeak ahalbidetzen duen bidea egiteko "hamaika oztopo" dauzkatela salatu zuten.

Legedi arruntari jarraituz, gradu progresioaren  bidean aurrera egitea aldarrikatu zuten: "Zehazki, neurri eta baimen berrietan aurrera egitea, baimen bereziak, lan egitekoak, bigarren edo hirugarren gradua lortu ahal izatea eta baldintzapeko askatasuna eskuratzea".

Halako ekimen bateratuei jarraipena ematearen alde azaldu ziren Aretxabaletako ordezkari politikoak, "elkarbizitza, konponbidea eta bakearen alde".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak