Arizmendi Ikastolako zuzendari nagusi Ignazio Barañanok, Arizmendi Kirol Elkarteko Urtzi Amianok, Aretxabaletako kirol zinegotzi Koldo Zubillagak eta Errealeko emakumezkoen futbol arduradun Garbiñe Etxeberriak prentsaurrekoa egin dute gaur, aurtengo txapelketaren berri emateko.
Hilaren 29an, alebinen, infantilen eta kadeteen txanda izango da; futbol 8ko txapelketa jokatuko dute. Arizmendi, AloñaMendi, Bergara, Lagunonak, Tolosa, GoierriGorri, Mutriku, Billabona eta Atletico Lince taldeak lehiatuko dira.
30ean, berriz, seniorrek futbol 11ko goi-mailako triangularra jokatuko dute. Errealak, Atletico Lincek eta bailarako selekzioak –Bergara, Arrasate, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaletako neskek– hartuko dute parte.
Egin dituzten urratsak gogoan
Urtzi Amianok gogoratu du hasierako urteek ez zutela zerikusirik oraingo egoerarekin: "Apustua izan zen ekimen hau abiatzea". Horrekin bat egin du Garbiñe Etxeberriak ere: "Egun normala da hau, baina duela hamasei urte ez. Harro gaude pausoa emateaz".
Txapelketaren helburua bailarako neskak "kirola egitera animatzea" dela azaldu dute, eta baita beste kirol elkarteekin harremanak sustatzea ere: "Debagoienan neska askok egiten du futbolean eta txapelketa hau Euskal Herriko futbolari onenekin jokatzeko aukera paregabea da".
300 bat jokalarik hartuko dute parte, eta Amianok azpimarratu du inoiz baino dei gehaigo jaso dituztela izena emateko. "Parte-hartzaileak irrikaz daude. Legeak baimentzen badu, osasun neurri guztiak hartuta, guk aurrera egingo dugu", gehitu du Arizmendi Kirol Elkarteko kideak osasun egoera aldakorra dela jakinda.