Penaz agurtu du Soraluze, bertako parroko izan den Luis Gomez Guridik, baina lekualdatzeak hausnarketarako eta toki berriak ezagutu eta horietako jendearekin lan egiteko aukera emango diola dio.
Dagoeneko hainbat elizkizun gidatu ditu Leintz barrutian, nahiz eta oraindik ez den Aretxabaletan bizitzen jarri. Lehenbailehen joan nahi du bertara bizitzera, horrek herritarrekiko gertutasuna ekarriko diolako, eta Andoni Illarramendirekin proiektu "bateratua" garatu nahi duelako.
Gaurko Aretxabaletako elizkizuna gidatu du Gomezek, herritarrez bete den parrokian. Ospakizun berezia izan da gainera, zendutako Ignacio Barandiaran karmeldarra eta Juan Jose Olabe jesuita oroitu dituztelako.
Aretxabaletan bertan gidatuko duen lehen hileta-elizkizuna berriz, bihar, astelehena, izango da. Gomezek adierazi du orain artekoen antzekoa egiten saiatuko dela eta poliki-poliki bere ukitua ere ematen joango dela eliza ospakizunetan.