Trialsinak Debagoienean leku bat izan zezan, orain dela hiru urte pasatxo sortu zuten Oztopo trialsin elkartea. Aretxabaletako sarreran, autobideko zubiaren azpian, egokitu zuten entrenamenduetarako gunea, eta azken hilabeteotan egokitzapen lanak egin dituzte.
"Ingurune horretan zeuden edukiontziak kendu egin dituzte. Eta hori aprobetxatu dugu oztopo gehiago jartzeko. Hala, zailtasun ezberdinak dituzten eremuak egokitu ditugu", adierazi du elkarteko arduradun Aitor Muruak eta gaineratu: "Neguan goizago iluntzen duenez entrenatzeko argia ere eskatuta dugu". Eskaera hori aintzat hartuta astean bertan Led argidun lau farola jarri dizkie Udalak, eta horren kostua izan da 12.317,80 euro.
Hamabost gaztetxo lanean
Hamabost gaztetxo dabiltza, gaur-gaurkoz, Oztopo elkartearen bueltan lanean; 5 eta 15 urte arteko mutikoak guztiak. Entrenamenduetarako gune txukunak emaitza dotoreak ekar ditzakeela badakite, eta horren erakusgarri da Espainiako Txapelketan eta Kopan lortutako lehenengo eta bigarren postuak. "Kimuak dira txapeldunak, 12 urte dituzte; hortaz, jakin ez aurrera begira zer egingo duten. Dena den, oinarria hor dago eta ondo bideratuta doaz; beraz, etorkizun polita izan dezakete", azaldu du Muruak, eta gaineratu: "Kirol honetan ordu asko sartu beharra dago entrenamenduetan, eta gune txukuna izatea ezinbestekoa da".
Azaroaren 7an txapelketa
Azken bi urteetan ez da txapelketarik egin, pandemiaren erruz, baina, normaltasunera itzuli nahian ,datorren azaroaren 7rako Open Oztopo lehiaketa antolatu dute. Gipuzkoako txapelketarako puntuagarria ez da izango, baina bai harremanak estutzeko aitzakia: "Gazteei aukera emango diegu txapelketa batean parte hartzeko. Eta, era berean, maila handiko ziklisten lana gertutik ezagutu ahal izango da, Madrildik datorrelako, adibidez, munduko txapelketan aurrean ibilitako bat". Gazteenek 10:00etan ekingo diote txapelketari eta nagusiek, 12:00etan.
Gimenez eta Merino, txapeldunak
Hainbat txapelketa jokatu dituzte elkarteko zenbait ziklistak azken hilabeteetan, eta Mendaroko Alvaro Gimenezek (podiumean, lehenengo) irabazi ditu Espainiako Txapelketa eta Espainiako Kopa. Gorka Merino arrasatearra, ostera, txapeldunordea izan da Kopan (podiumean, bigarren).