Osasun zerbitzua indartu egingo dute mediku bat eta erizain bat gehiagorekin eta lokal berria irekita

Mirari Altube Arrese 2021ko urr. 13a, 21:02

 Zainduz gimnasioa izandako eraikinean egokitu dituzte lehen mailako arreta zerbitzura bideratutako kontsultategi berriak eta han izango dira urriaren 18tik bi mediku, bi erizain, ginekologoa eta emagina. 

Aretxabaletako lehen mailako arreta zerbitzuan berritasunak datoz urrian. Batetik, lantaldea osatu egingo dute mediku bat eta erizain bat gehiagorekin; eta bestetik, lokal berria egokitu dute Ilargi plazan, leku faltari irtenbidea emateko. Astelehenean zabalduko dituzte hango ateak eta zerbitzua ematen hasi.

Ginekologoa ere lokal berrian

Aretxabaletako biztanleria hazi egin dela jakinik osasun etxeko lantaldea indartzea erabaki du Osakidetzak: "7.000 biztanletik gora izatera bosgarren medikua eta erizaina dagokigu. Aurretik ez badituzte ekarri leku faltagatik izan da", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Leku egokiaren bila jardun dute Udalak eta Osakidetzak elkarlanean eta Zainduz gimnasioa izandako lokala hautatu dute –sarrera Errekabarren kaletik izango du–: "Guk laga diogu eta Osakidetzak egokitu du. Urte pare baterako izango da, egoitza berria egin arte Osasun Sailak", gaineratu du Elkorok.

Bost mediku eta bost erizain izango ditu orain lehen mailako arreta zerbitzuak. Horietatik bi medikuk eta bi erizainek lokal berrian izango dute lekua.

Debagoieneko ESIko gerentea den Luisa Diezek jakinarazi du mediku eta erizain banarekin indartuko dutela lantaldea: "Horrela, bost mediku eta bost erizain izango dira Aretxabaletan". Lokal berrian izango dute tokia bi medikuk eta bi erizainek eta horien ordutegia izango da 10:00etatik 17:00etara. Medikua han izango duten herritarrek dagoeneko jaso dituzte gutunak horren berri emanaz. "2.700 bat herritar pasatuko dira kontsultategi honetatik, baita ginekologia eta emagin zerbitzura joango diren emakumeak ere", argitu du Diezek. "Administrazioko pertsonala ere indartu dugu eta harreran egongo da pertsona bat".

Erizainak eta medikuak "pozik"

Begoña Iturbe erizainen arduraduna da osasun etxean eta oso gustura agertu da berrikuntzekin: "Urtetako eskaerari erantzunez etorri da lokal berria. Leku handiagoa da eta erosoagoa eta komuna ere badago". Argiñe Ibarguren medikua orain dela bi urte etorri zen Aretxabaletara eta pozik dago lekualdaketarekin: "Espazio arazoa dugu ni etorri nintzenetik behintzat. Mediku bakoitzak ez dugu norbere kontsultategia izan eta bata besteari lekua kentzen ibili izan gara. Hortaz, bakoitzak geure lekua izatea ez da gutxi", eta gaineratu du: "Lantaldea indartuta, gainera, medikuarengana joateko itxaronaldiak motzagoak izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak