'Gazteak mugitzen dira!' lehiaketa aurkeztu dute Aretxabaletako Huhezi fakultatean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko ira. 23a, 17:17

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako lehendakariak, Eluska Renedo-Illarregi Agintaritzako zuzendariarekin eta Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko dekanoarekin batera, Gazteak mugitzen dira! kanpaina aurkeztu dute gaur, Aretxabaletako fakultatean.

Mugikortasunaren Europako Astearen esparruan antolatutako ekimenetako bat da hain zuzen ere Gazteak mugitzen dira!, eta 14 eta 25 urte bitarteko MUGI txartelaren erabiltzaileei zuzenduta dago. Ikus-entzunezko lehiaketa horrek irailaren 22tik urriaren 8ra arte iraungo du, eta sare sozialetan partekatutako argazki eta bideoen bidez jasoko du gazteek mugikortasun iraunkorrari buruz duten ikuspegia, #BiziMugi #GazteTxartela traola erabiliz.

Ekimena Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin batera antolatu da, eta, amaitzeko, MUGI txartelean 20 euroko 75 karga zozketatuko dira parte-hartzaileen artean. Argazki onenaren eta bideorik onenaren saria, bestalde, bizikleta elektriko bat izango da.

Gazteengana hurbiltzeko sinergiak sortuz

Rafaela Romero diputatuak azaldu duenez, urriaren 15ean irabazleen izenak emango dira ezagutzera, eta une horretatik aurrera, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleek proiektu bat egingo dute lehiaketan jasotako bideo eta argazkietan oinarrituta. Eskertu egin du lankidetza hori, eta, esan duenez, "gazteengana hurbilduko gaituzten sinergiak sortzea espero dugu".

Era berean, ekintza honen helburu nagusia zein den azpimarratu du: "Ekintza honen helburua gazteen konplizitatea lortzea da mugikortasun jasangarriaren inguruan, eta haiek izatea garraio publikoa, bizikletaren erabilera eta oinezkoentzako bideak beraien ikuspegi baliotsutik sustatzen lagunduko digutenak".

Ipiña, Romero eta Renedo-Illarregi Gazteak mugitzen dira! kanpaina aurkezpenean.

Garraio publikoaren erabilera bultzatzen

Bestalde, Gipuzkoako Garraio Agintaritzako zuzendari Eluska Renedo-Illarregik adierazi duenez, "Gipuzkoako Garraio Agintaritzak garraio publikoaren erabilera bultzatzen lan egiten du fronte guztietatik, MUGIren bidez eta Gipuzkoako operadore integratu guztiekin lankidetzan. Alde horretatik, gazteak dira gure MUGI txartelaren preskriptore onenak gure sare sozialetan, gure fandom dira, eta haiekin hitz egin nahi dugu etorkizun horri buruz. Hori da ekimen honen helburua".

Aurkezpeneko beste une bat.

MU-ren balioekin bat

Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko dekanoak, bestalde, proiektuan parte hartzeko gonbidapena eskertu du, eta gaineratu duenez, "lankidetza guztiz bat dator Mondragon Unibertsitateak Ikus-entzunezko Komunikazioko graduarekin defendatzen dituen balioekin: sormena eta gizarte-konpromisoa bateratzea. Kasu honetan, mugikortasun jasangarria bultzatzeko konpromisoa; oso gai garrantzitsua eta, gainera, ikasleen mundutik oso hurbil dagoena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak