2021-2022 denboraldia oso berezia izango da beste bi urteurren ere batzen dituelako: 1971-1972 denboraldian Espainiako Txapelketa irabazi izana eta 1971ko irailaren 5ean Leixargarateko aterpetxea zabaldu izana, Arrasateko Besaide elkartearekin batera.
Horren guztiaren berri atzo eman zuten komunikabideen aurrean; Agurtzane Elkoro presidenteak alboan izan zuen duela 50 urte presidente izandako Jabier San Miguel. Orain arte egindako ibilbideagatik zoriondu zuten kirol elkartea Unai Elkoro alkateak, Gipuzkoako futbol federazioko presidente Manu Diazek eta Realeko ordezkari Andoni Iraolak eta eskertuta agertu ziren herrian erreferentzia izateagatik eta kirolarien formakuntzan egindako lanagatik.
Gaur egun 600 kirolari baino gehiagok dihardu UDAren bueltan lanean, 1.000 bazkide inguru ditu eta zazpi kirol modalitate batzen ditu: futbola, areto futbola, pilota, karatea, gimnasia erritmikoa, txirrindularitza eta mendia.
Lehen ekitaldia zapatuan
Urte guztiko egitaraua prestatu dute baina oraindik ekitaldi guztiak ez dituzte zehaztuta. Hasteko, zapatuan, Kurtzebarri mendiko gurutzea argiztatuko dute, eguraldi ona eginez gero; 22:00etatik 23:15 inguru arte egongo dira piztuta argiak. Horrez gain, pintxo potearen bueltan hitzaldiak egingo dituzte, dantza erakustaldia izango da, 75 zuhaitz landatuko dituzte, futbol zelaian mural bat margotuko dute eta argazki erakusketa egongo da herriko hainbat gunetan. Ikus-entzunezkoa ere gertatu dute UDAkoek eta 45 minututan hainbaten testigantzak jaso dituzte. Urriaren 15ean hasiko dira ematen Arkupen.