Andramaixen ordez hainbat kultur ekitaldi iragarri dituzte abuzturako

Mirari Altube Arrese 2021ko uzt. 19a, 15:23

Andramaixarik ez da izango aurten ere baina hainbat kultur ekitaldi antolatzea erabaki du Udalak abuztuaren 14tik 16ra bitartean; besteak beste izango dira kontzertuak, magia, jolas tradizionalak eta txirrindularitza. "Zuhurtziaz" jardutearen alde egin du Udal Gobernuak eta eskatu du edozein unetan eta egoeratan arduraz eta zentzuz jokatzeko.

Bigarren urtez jarraian, Andramaixarik ez da izango eta abuztuaren 14tik 16ra bitartean kultur egitaraua antolatu du Udalak keinu egite aldera. Abuztu Kulturalaren berri eman dute gaur Unai Elkoro alkateak, Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, Inma Miguel teknikariak eta UDAko ordezkari den Gorka Etxabek. 

Musikari eskainitako tarte zabalak izango dira eta Herriko Plazako oholtzara igoko dira Habana Vieja taldea, bluesa eta rocka uztartzen dituen Noa & The Hell Drinkers talde donostiarra, Golden Apple Quartet laukote ezaguna, Arantza eta Pantxoa, eta Milagroko udal musika banda.

Horiez gain, familia giroan ikusteko magia ere izango da; Erre Produkzioak konpainiak MAGIklown ikuskizuna eskainiko du eta Eriz magoak aho zabalik uzteko moduko saioa.

Haurrei eta nerabeei zuzendutako bi ekintza ere izango dira; batetik Kalea bizi, dantza –break dance, hip hop– eta musika –rapa– uztartuko dituen ikuskizuna; eta bestetik, jolas tradizionalak eta herri kirolak uztartzen dituen jokoak.

Arduraz jokatzeko deia

"Iaz ezin izan genituen Andramaixak ospatu eta aurten ere ez da posible izango. Pandemiak hor jarraitzen du eta zuhurtziaz jokatu behar dugu, prebentzio neurriak mantenduz eta betez", adierazi du Unai Elkoro alkateak. Azpimarratu duenez, oraindik ez da jaiak antolatzeko unea: "Normaltasunez ospatzeko berme nahikorik ez dago. Administrazio gisa, arduraz jokatzea eta herritar guztien osasuna babestea dagokigu".

Elkorok "norbanakoaren erantzukizuna eta sen ona" eskatu ditu, kutsatzeak geldiarazteko: "Hilabete batzuk barru gizartearen gehiengoa txertatuta egongo den arren, zuhurrak izaten jarraitzea dagokigu; ezin gara lasaitu".

Ainhoa Cabero Kultura zinegotziak, bere aldetik, adierazi du agenda kulturala ez dela geldirik egon: "Egoera epidemiologikoak ahalbidetu zuenetik programazioa mantendu egin da, lehenik Arkupen eta orain kalean, unean uneko egoera, murrizketak eta araudiari egokituz. Herritarren erantzuna ona izan da eta abuztuan ere hala izatea espero dugu".

Egitaraua

Hona hemen egitaraua osorik.

1. Musika:

  • - Abuztuak 14 (Herriko plazan, 13:00etan). Gerard Morenok, Jordi Margalefek eta Pere Domenechek osatzen duten Habana Vieja taldearen kontzertua. Hirukoteak Kubako musika tradizional eta herrikoiaren errepertorioa eskainiko du.
  • - Abuztuak 14 (Herriko plazan, 20:00etan). Ainhoa Egiguren (ahotsa), Sergio Villar (gitarra), Manu Gestido (baxua) eta Gustavo Gonzalez (bateria) dira Noa & The Hell Drinkers blues eta rock talde donostiarraren kideak. Craft Blues bigarren lana aurkeztuko dute, Paul San Martin Leizarra Musika Eskolako irakasleak lagunduta.
  • - Abuztuak 15. Nafarroako Milagro herriko udal musika banda (Herriko plazan, 13:00etan)).
  • - Abuztuak 15. Katuan ‘a capella’, gospel eta umore ukituaz Golden Apple Quartet laukote donostiarrarekin (Herriko plazan, 20:00etan).
  • - Abuztuak 16. Arantza eta Pantxoren kontzertua. Bikoteak 1997an hasi zuen bere ibilbidea eta denborarekin Nika Bitchiashvili biolinista sartu zen taldean. Beraien musika Mexikon hasi eta Argentinako Patagoniarainokoa da, euskarazko musikako kanta klasiko handiak alde batera utzi gabe (Herriko plazan, 20:00etan).

2. Familientzako ikuskizunak:

  • - Abuztuak 14. Erre Produkzioak konpainiak MAGIklown ikuskizuna aurkeztuko du, magia eta pailazoak nahasten dituena. (Kurtzebarri Eskolako kantxan, 18:00etan).
  • - Abuztuak 15. Eriz Magoa. (Kurtzebarri Eskolako kantxan, 18:00etan).

3. Nerabeei eta haurrei zuzendutako ekintzak:

  • - Abuztuak 14: Kalea bizi. Izaera kulturaleko ekitaldi honetan hainbat diziplina izango
    dira, hala nola dantza eta musika. Gazteen break dance lehiaketa, rap kontzertua, eta
    dantza erakustaldia (bi dantzari popping/hip hop emanaldi batean). (Arlutzeko
    kantxan, 18:30ean).
  • - Abuztuak 16. Jolas tradizionalak eta herri kirolak Kulki proiektuaren eskutik
    (Arlutzeko kantxan, 18:00etan).

Txirrindulari lasterketa

Iaz ez bezala aurten egingo da Leintz Bailarako 82. Txirrindulari lasterketa, UDAk antolatuta. Abuztuaren 16an izango da, 10:00etan abiatuta. Txirrindulariek 43,3 kilometroko ibilbidea beteko dute. Eta aurtengo berrikuntza da lasterketaren hasiera eta helmuga Araba ibilbidean egongo direla.

Txosnagunearen berririk ez

Txosnagunearen gainean galdetuta adierazi dute horren gainean ez dutela ezer erabaki. Udal Gobernuko ordezkariek esan dute bilera bat egin dutela Gazte ekimeneko kideekin baina ez dutela horien aldetik proposamen zehatzik jaso, oraingoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak