ALBISTEAK

Fotokazetaritzan murgildu dira Komunikazio Campuseko gazteak lehen egunean

Imanol Beloki Unamuno 2021ko uzt. 5a, 13:17

Gaur hasi dute Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako ikus-entzunezko fakultatean Komunikazio Campusa. Goiena Komunikazio Taldeak eta MUk elkarlanean sortutako ekimena da, eta zazpi gaztek eman dute izena lehenengo edizio honetan. Hala, gaur, astelehena, fotokazetaritzaren lehenengo pausoak eman dituzte gazteek, Goienako kazetari Xabier Urzelairen eskutik.

"Foto-kazetaritzaren lehenengo urratsak eman ditugu gaur. Azalpen batzuk eman ditugu, baina, ikusten da zenbait partaidek argazkilaritza gustuko dutela eta ezagutzen dutela. Arlo teorikoaz gain, praktikoa ere izan dugu gero", adierazi du Xabier Urzelai, Komunikazio Campuseko koordinatzaile eta irakasleak.

Udalekuen helburua gazteak modu kritiko, praktiko eta dibertigarrian komunikazioaren mundura hurbiltzea dela azpimarratuz, astean zehar izango dituztenen berri ere eman du, Zuriñe Maguregi Komunikazio Campuseko koordinatzaileak: "Gaur, fotokazetaritza izan dugu ardatz, Xabier Urzelairen eskutik, eta bihar eta etzi, Ainhoa Vitoria eta Aiora Mujika izango ditugu gurekin. Irudia, soinua, bideogintza eta komunikatzaile profil ezberdinak landuz, hasi gara, ikus-entzunezkoen munduan murgiltzen".

Komunikazio Campusean, lehenengo saio teorikoan.

Profesionalen eskutik

Mondragon Unibertsitateko irakasleek eta Goienako profesionalek hartuko dute parte komunikazio udaleku ireki horietan. Era berean, landuko diren gaietan ezagunak direnek eta eskarmentua dutenek emango dituzte master-eskolak: Aiora Mujika @probatxoa youtuberrak; Ainhoa Vitoria komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak; eta Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak.

Foto-kazetaritza, lehen urratsa

Lehenengo saioan, gazteek ikono bilakatu diren irudi bana aukeratu dute, eurendako gustukoena zena, eta argazki bakoitzaren atzean dagoen historian sakontzea eskatu diete. Eta, fotokazetari lanak ere partekatu dituzte, jolas baten bitartez.

Komunikazio Campuseko partaideak gustura hasi direla adierazi dute, eta aste osoan zehar ondo pasatzeaz gain, zenbait ikasgai ere barneratuko dituztela aurreikusten dute.

Libe Alonso: "Betidanik izan dut kazetaritzarekiko zaletasuna, eta gehiago sakontzeko asmoz animatu naiz. Oso ondo hasi gara; talde txikia izanda, hobeto"

Itsaso Plaza: "Kazetaria izan nahi dut. Kamera aurrean egotea gustatzen zait, eta oinarrizko kontzeptu batzuk jain arren, gehiago ikasi nahi dut"

Komunikazio Campuseko lehenengo egunean, egunotan erabiliko duten materiala mahaian prest.

Egubakoitzean, agur jaia

Aste barruan komunikazioaren arlo ezberdinetan sakonduko dute eta ostiralean jai batekin agurtuko dute campusa. Bertan gazte bakoitzak astearen errepasoa egingo du, eta ekoiztu dituen proiektu txikiak gainontzekoei erakutsiko die: "Seguru, asteari txispa aterako diogula eta ederto ibiliko garela. Talde oso polita batu da lehenengo edizio honetan, eta batek daki, akaso etorkizunean komunikazioaren mundura gerturatzeko gogoa sartuko zaio gazte bati baino gehiagori".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak