Agintaldi erdiaren balorazio positiboa egin du Udal Gobernuak nahiz eta "gogorra eta zaila" izan den

Txomin Madina Milikua 2021ko eka. 16a, 15:56

Hartutako konpromisoak betetzen eta proiektu estrategikoak errealitate bihurtzen ari direla adierazi dute Udal Gobernuko kideek, udaletxeko lorategian egindako agerraldian.

Atzo, ekainak 15 bete ziren bi urte egungo udabaltzarrak eratu zirela, eta atzoko eguna aukeratu zuen Aretxabaletako Udal Gobernuak agintaldiko lehen bi urteen balorazioa egiteko.

Unai Elkoro alkatearen esanetan, duela urte eta erdi inguru pandemia hasi zenetik ziurgabetasun egoeran ari dira lanean, lan gogorra eta zaila bere hitzetan, baina orain arteko balantzea positiboa da: "Lehentasunak ezartzera gaitu eta gure helburu nagusia inor atzean ez uztea izan da eta izango da". 

"Zailtasun askori aurre eginez" agintaldi hasieran emandako hitza betetzen ari direla adierazi du eta gaineratu: "Herri gisa aurrera egiten jarraitu nahi dugu, Aretxabaleta indartsua, bizia, erakargarria, parekidea, inklusiboa, iraunkorra, ekintzailea eta euskalduna sendotzeko. Herritarrekin batera lan eginez, hurbiltasunetik, eta orain arte bezala, ahotsa emanez".

Eskuartean dituzten proiektuak

Egoerak hobera egiten jarraituko duen itxaropenarekin, eta azaldu dutenez herri irisgarriagoa eta erosoagoa lortzeko helburuarekin, dagoeneko martxan dauden edo datozen hilabeteetan abian jarriko diren proiektu estrategikoen berri ere eman du Udal Gobernuak. 

Uztailean hasita, Kurtzebarri Eskolako Haur Hezkuntzako gunea eraberritzea; udazkenerako Arbizelain trialsin gunea argiztatzea, eta urrian Bedarreta auzoko espaloietan irisgarritasuna hobetzeko lanei ekitea dira asmoetako batzuk. Baita Santakurtz kaleko hornidura eta saneamendu plan bereziari heltzea ere.

Udal gobernuak, era berean, irailean jarriko du martxan hiri antolamendurako plan orokorra definitzeko prozesua, eta Ibarra kiroldegiaren aurrean dagoen berdegunearen erabilera ere aurten aztertu gura du herritarrekin. Datorren urtera begira, gazteen emantzipaziorako diru laguntzen programa abian jartzea da asmoa, eta bihar, ekainak 17, egingo dute gazteekin horretarako lehen bilera. Ostalaritzarako dirulaguntzen artean laster deituko dute terrazak egokitzeko inbertsioei laguntzeko programa.

Udal Gobernutik diote era berean mojen komentuan egokituko den adineko pertsonendako gizarte zentroa estrategikoa eta lehentasunezkoa izan dela, eta ezustekorik ez badago, urte amaieran hasiko direla horretarako lanak.

Adinekoen egoitza zaharrean proiektutako zentro soziosanitario integratua aldiz, Erkidegoan aitzindaria izango dela azpimarratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak