Herritarrekin batera landu nahi du etorkizuneko bidea, Aretxabaletako EH Bilduk

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 16a, 11:23

Bide eder bat izeneko proiektua aurkeztu du Aretxabaletako EH Bilduk. Herritarrei eskatu diete ahal duten moduan eta nahi duten heinean, prozesuan parte hartzeko, guztien ideiak jaso eta denen artean erabakiak hartzeko.

Gaur itxura ematen ari diren Bide eder bat prozesua, ez da ohikoa izango, Aretxabaletako EH Bilduko Ion Albizuren esanetan: "Beharbada martxan dagoelako jada, eta beharbada bukaerarik ez duelako", azaldu du. Baina horrekin herritarrei eskaini nahi dien tresna, bidea bera dela azpimarratu dute. Hauxe esan du Albizuk, prozesua aurkezteko prentsaurrekoan: “Prozesu honek forma ezberdinak hartuko ditu: gai zehatz batek ala eskatzen duelako, proiektu bat jaiotzeko edo martxan jartzeko jendearen laguntza behar delako, korapiloren bat askatu behar delako edo arlo baten bueltan patxadaz hausnartu nahi dugulako. Hau da Aretxabaletari eskaintzen diogun erreminta: bidea bera”.

Herritarren parte-hartzea, beharrezko

Inkesta bat zabalduko dute herritarren artean, haien lan egiteko edota kolaboratzeko prestutasuna nolakoa den jakiteko. Azaldu dute, norberak nahi duen erara, gura duen erritmoan, nahi duen gaian eta nahi duen konpromisoarekin izango duela aukera parte hartzeko: “Proiektu zehatzak mahai gainean ditugu eta laster jakitera emango ditugu eta denon parte hartzea eskatuko dugu proiektu horiek ahalik eta jende gehienen oniritzia duten ala ez jakiteko, eta jendeak ekarpenak egin ditzan”.

Gaineratu dute herritar guztiek dutela konpromisoa euren herriarekin, eta argi dutela bakoitzak dagoen tokitik, baina guztiek batera egin nahi dutela; "betorik gabe, harrokeriarik gabe, baina harrotasunez".

Izan ere, adierazi dute azken urte gorabeheratsu honen ostean, politika egiteko "beste eredu batzuk" behar direla, eta tokatu zaien eremuetan, erakutsi dutela "modu berriak" badaudela.

Espero dute, epe labur batean, eta arlo zehatz batzuetan, esaterako, parekidetasunean, hezkuntzan edota kulturan, hausnarketa orokor batzuk egitea eta horiek proiektu zehatzetan gauzatzea. Baina gertu duten erronka bat ere badutela azaldu dute: hirigintzako plan orokorra. Horren bueltan joango dira hurrengo hilabeteetako euren planteamenduak.

Esan dute, igaro duten bide horretan jarraitu nahi dutela; aretxabaletarrendako dituzten asmoak, ideiak eta helburuak elkarbanatuz, guztiei entzun eta denen artean erabakiak hartzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak