Haur Hezkuntzako gelak berritzen hasiko dira uztailean Kurtzebarri eskolan

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 27a, 15:04

Lanak lizitaziora atera dituzte, uztailean ekiteko asmoarekin, eta 307.500 euroko inbertsioa ekarriko dute; horietatik, 123.000 euro Udalak jarriko ditu eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzarekin finantzatuko dute.

Kurtzebarri eskolako Haur Hezkuntzari dagokion eremua eraberritzeko asmoarekin lanak lizitaziora atera ditu Udalak, 307.500 eurotan; 123.000 euro ordainduko ditu horrek eta gainerakoa Eusko Jaurlaritzak Udalaguntza programaren bidez emandako dirulaguntzarekin finantzatuko dute.

Ikasturtea bukatu ondoren, uztailean, abiaraztea lanok da asmoa, Unai Elkoro alkateak aurreratu duenez: "Oporrak aprobetxatuz udan lanen zatirik handiena egiteko". Eta horiek hiru hilabete inguruan bukatzea aurreikusten dute, urri bukaerarako beranduenez gertu egoteko. "Obrak bukatu bitartean, lau bat gelatako ikasleak Arkupen egongo dira, baina Haur Hezkuntzakoak beharrean Lehen Hezkuntzakoak lekualdatuko dira", zehaztu du Elkorok.

Irisgarritasuna eta berokuntza

Ipark Arkitektura enpresak idatzi du proiektua, eta eraikinaren iparraldeko muturra birmoldatuko da. "Irisgarritasunetik hasi eta beste hainbat hobekuntza egingo dira", adierazi du alkateak proiektuaren berri ematerakoan.

Urtebeteko eta 2 urteko ikasleen geletako irisgarritasuna hobetzeko, gaur egungo eskailerak kendu egingo dituzte, eta arrapala bat jarri. Horretarako, lurzorua 15 zentimetro altxatuko dutela zehaztu dute, araudiak eskatzen duen %8ko gehieneko malda egokitzeko. Gela horiek –lau gela ate lerragarriekin– zoru erradiatzaileko berokuntza sistema batez hornituko dituzte. Bestalde, 3 eta 4 urte bitarteko ikasleen hiru gelak eta psikomotrizitate gela ere eraberrituko dituzte.

Horiekin batera, bi komun berri ere egingo dituzte: batek urtebeteko eta 2 urteko ikasleen geletatik zuzeneko sarbidea izango du eta besteak, berriz, nagusienen eremutik.

Leiho guztiak ere berrituko dituzte isolamendu termikoa hobetzeko, baita ateak, instalazio elektrikoak eta berokuntza sistema ere. Era berean, pasilloari etekin handiagoa atera gura diote, eta argitasuna irabazi. Horretarako, Santa Kurtz kalera ematen duten ikasgelen barruko hormak beiraz estaliko dituzte, eta ikasleen lanak erakutsi bertatik.

Kanpoaldean, ostera, jolastokira irteteko arrapala irisgarritasun-araudira egokituko dute.

Eskolakoak "pozik" daude

Kurtzebarri eskolako zuzendari Mikel Uribarren oso pozik dago: "Orain dela bost urte ekin genion proiektu honi; familiak eta irakasleak elkartu, eta eskolarendako hobekuntzak proposatu genizkion Udalari. Gure ametsa egia bihurtzen dabilela esan genezake gaur".

Ikasleak erdigunean jarri gura izan dituztela adierazi du, eta horren baitan proposatu aldaketak: "Ikasleak eroso egon daitezen eta gustura etor daitezen gura dugu. Eta gure begiradapean egotea, gu bidelagun izango gaituztelako. Horren harira, aldaketa metodologikoak daude, eta aldaketa teknikoak ere bai". Hain zuzen, metodologiari dagokionez, espazio multifuntzionalak egokituko dituztela gaineratu du: "Gelan egongo dira, baina ate irristagarriei esker moldatu egingo dira gela horiek; txoko gehiago ere egongo dira".

Hurrengo faseak, zehaztear

Lan horiek guztiak lehen fasearen barruan daude, eta gehienak eraikinaren beheko solairuari dagozkio. Proiektuak beste hainbat fase ditu, eta 929.800 euroko aurrekontua, guztira. Ondorengoetarako oraindik ez dagoela datarik zehaztuta jakinarazi du alkateak. Dena den, aurreratu du sukaldea, jangela eta aldagelak eraberritzea dela asmoa, eta patioan aterpe bat eraikitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak