Nerabeen artean jarduera fisikoa sustatzeari berrekin dio Atxabalta Mugik

Mirari Altube Arrese 2021ko mai. 11a, 08:11

Kurtzebarri eskolako eta Arizmendi ikastolako Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleei zuzendutako programa jarri dute abian Ibarra kiroldegian. Atxabalta Mugi proiektuaren barruan dago ekimena eta 16 urteko 133 gaztek parte hartuko dute lau astetan zehar.

Koldo Zubillaga Kirol zinegotziak, Asier Mujika Kirol teknikariak, eta Atxabalta Mugiko arduradun den Athlon kooperatibako Maialen Alkortak aurkeztu dute programa.

Lau astez elkartuko dira ikasle horiek Ibarra kiroldegian Gorputz Hezkuntza irakasgaiari dagokion orduetan. "Kiroldegiaren eskaintza ezagutzea eta bizimodu aktibo eta osasuntsua izatearen garrantzia azpimarratzea da helburua", azaldu du Alkortak eta ikasleen adinaren aukeraketaren arrazoia zein den ere jakinarazi du: "Kirola uzten duten gazteen tasa handiena dagoelako adin tarte horretan".

Ibarran eskaintzen diren hiru kirol jarduera probatu ahal izango dituzte: GAP, cycling eta circuit training. Lau asteak bukatu ondoren, nerabeen ordutegietara egokitutako ikastaro hauen eskaintza egiteko aukera aztertuko dute kiroldegian. "Horrela, eskola ordutegitik kanpo kirola egiten jarraitu ahal izango dute, proiektuaren helburua nerabezaroan jarduera fisikoa sustatzea baita", berretsi du Alkortak.

Hiru hilabete pasatutakoan, jarraipena egingo diete parte-hartzaileei proiektu horrek euren jarduera fisikorako ohituretan izan duen eragina aztertzeko.

Adinekoen gaitasun funtzionala latzen

Bestetik, joan den otsailetik, adinekoen gaitasun funtzionala neurtzeko eta lantzeko programa dago martxan. 70 urtetik gorako hamar aretxabaletarrek osatutako talde batekin dabil lanean Atxabalta Mugi. Hasteko, hainbat neurketa egin zizkieten horiei: jarduera fisikoaren maila, erorketa arriskua, elikadura ohiturak eta lesio muskulu-eskeletikoen lehen neurketa. Ondoren, 30 minutuko iraupena duten saio praktiko pertsonalizatuak izan dituzte: indar, oreka, martxa, malgutasun ariketak... Eta ekainean, programa amaitutzat ematen denean, bigarren neurketa bat egingo diete aurrerapena ikusteko.

Adineko pertsonen gaitasun funtzionala lantzeko esperientzia horrek Osakidetzaren "interesa piztu" du. Eta Osasun Saileko ordezkariak programa bertatik bertara ezagutzera gerturatu dira orain dela gutxi. "Osakidetzan ekimenaren berri izan dute eta guregana jo dute. Oso interesgarria iruditu zaie, adinekoen gaitasun funtzionalari heltzeko egiten duten lanarekin bat datorrelako. Uztailean berriro elkartzeko geratu gara; elkarlanerako bide bat ireki dugu denok eskutik helduta joateko", jakinarazi du Alkortak.

Sei urte lanean

Atxabalta Mugi 2016an abiatu zen, gizarte aktiboagoa sortzeko, sedentarismoa geldiarazteko, jarduera fisikoa areagotzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin. Eta Athlon kooperatibak du horren ardura.

Bost esparrutan lan egiten du AtxabaltaMugik: kirol orientazio zerbitzua; yoga eta KOI (koordinazioa-oreka-indarra) taldekako saioak; ibilaldi osasungarriak; elikadura tailerrak, eta nerabeei zuzendutako programa.

Denbora honetan, kirol orientazio zerbitzuan 1.200 hitzordu eman dituztela jakinarazi du Asier Mujika kirol teknikariak: "Erabiltzaile gehienek 70 urte baino gehiago dituzte. Ondoren, 56 eta 65 urte artekoak daude, eta hirugarrenik, 46 eta 55 urtekoak. Nahiz eta askoz gutxiago izan diren, kontsultak ere erantzun zaizkie 16 eta 35 urte bitarteko gazteei". Erabiltzaileen %73 emakumeak dira, eta gainerako %27a, gizonezkoak.

Beste datu bat ere nabarmendu gura izan dute: kirol orientazio zerbitzura jo duten pertsonen %50 "aktiboak ez izatetik aktiboak izatera" pasatu direla. "Gainerako %50ak ariketa fisikoa egiten zuen; hortaz, esan dezakegu ohiturak aldatu direla eta balorazioa ona dela", gaineratu du Alkortak, programaren arduradunak.

Bulegoa zabalik astean bi egunetan

Kirol orientazio zerbitzuaren bulegoa Ibarra kiroldegian dago kokatuta. Astean bi hitzordu daude: astelehenetan 9:00etatik 13:00etara, eta eguaztenetan 14:30etik 18:30era. Harremanetan jartzeko beste bi bide daude: 662 623 830 edo atxabaltamugi@gmail.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak