Aretxabaletako kuartela ireki dute, protokolo bat adostu ostean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko mar. 24a, 15:26

2020ko urritik itxita egon ostean, zabalik da berriro ere Aretxabaletako Kuartela. Udalak eta Kuartela Kultur Elkarteak protokolo bat adostu dute, eraikinaren funtzionamendu zein erabilerako jarraibideak eta taldeek bete behar dituzten betebeharrak ezartzen dituena. 

Bederatzi puntu ditu protokoloak. Erabili aurretik lokal bakoitzaren, komunen eta egoitza osoaren desinfekzio bat egitea; lokalen aireztapena bermatzea; solairu bakoitzean hidrogela eta biruzida bana egotea; txandaka entseatzea pasillo bakoitzean aldiro lokal bakarra okupatu dadin; ohiko gelako gehienezko edukiera lau pertsonakoa izatea eta dantza geletakoa gehienez zortzikoa; eta maskara  uneoro erabiltzea, salbuespen bakarra izanik haizezko instrumentuen entseguak. Ordutegia ere mugatu dute, astelehenetik zapatura, goizeko hamarretatik gaueko bederatzietara. Bestalde, Udalak eraikinean hobekuntza batzuk egiteko konpromisoa hartu dute. 

30 bat talde, 100 pertsona inguru

Gaur egun hogeita hamar bat talde, 100 bat pertsona, ari dira kuartelean entseatzen eta bost hilabete luzez geldi egon ostean gogotsu bueltatu dira lokaletara. Geldi egoteak kalte handia egiten zielako sortzaileei. "Ikusten genuen herria pixkanaka martxan jartzen ari zela eta gu geldi geundela. Gainera, profesionalen lege hori zegoen, profesionalak direnak gauza batzuk egin zezaketela dioena; ikusten genuen handiak direnak handiago egiten ari zirela eta txikiak garenak are txikiago. Behar handia zegoen kuartela zabaltzeko", adierazi du Kuartela Kultur Elkarteko Karlos Lopezek.

Pozik agertu da Lopez kuartela berriro ere martxan dagoelako eta argi dauka otsailaren 20ko manifestazio jendetsuak izan zuela eragina Udalaren jarrera aldatzeko. 

Udalarekin lanean jarraitu nahi dutela dio musikari aretxabaletarrak, kuartelean mugimendu handia dagoela eta mugimendu horrek herrian isla izan beharko lukeela iritzita: "Herriko kultura apur bat geldi dagoela ikusten genuen, eta kanpoko kultura sortzaileak zetozela, esaterako, Arkupera jotzera. Gure planteamendua izan zen herriko taldeek jotzea, adibidez, hilean behin Arkupen".

Kuartela berriz ere irekita, Udalak espero du gauzak ondo egiten diren bitartean profesionalak ez diren musikariek aukera izan dezatela euren proiektuei berrekiteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak