Batzordeak berrantolatu egin ditu Udal Gobernuak

Mirari Altube Arrese 2021ko mar. 11a, 15:03

EH Bilduko zinegotziak ez dira egongo Gobernu batzordean eta EAJko laugarren kide bat sartuko da; era berean, Ogasun batzordea sortu dute, eta horren buru Unai Elkoro alkatea izango da. Atzo, eguaztena, egindako osoko bilkuran onartu zuten hori, EAJko kideen aldeko botoekin.

Agintaldi hasieran EAJren eta EH Bilduren artean adostutako Gobernu batzordearen lankidetza eredua apurtu egin zen orain dela aste batzuk. Horren ondorioz, Gobernu batzordea berrantolatu du Udal Gobernuak, eta hori onartu zuen eguaztenean egindako ohiko osoko bilkuran; EH Bilduk aurka bozkatu zuen.

Lau lagun Gobernu batzordean

Gobernu batzordean bost lagun egon daitezke, gehienez, eta agintaldia hasi zenean adostu zuten EAJko hiru izatea –Unai Elkoro, Karmele Uribarri eta Koldo Zubillaga– eta EH Bilduko bi –Ion Albizu bozeramailea eta Mikel Uribetxebarria–. Udal gobernuaren erabakiz, baina, aurrerantzean lau izango dira ordezkari jeltzaleak, eta bakarra EH Bildukoa. Alkatearen esanetan, lanerako erosotasun falta dago euren erabakiaren atzean: "EH Bilduri esan genion bozeramailea ez genuela onartzen batzorde horretan eta besteren bat jartzeko. Erantzunik ez dugu jaso. Guk laugarren kide bat sartu dugu: Xabi Otxoa. Baina bosgarrenarendako lekua hutsik utzi dugu, noizbait sartzea erabakitzen badute haiek".

EH Bilduko ordezkariek ez dute begi onez hartu udal gobernuaren erabakia. "Nahiz eta gehiengorik ez izan eta erabakigarriak ere ez, batzordean egoteak Udalaren gorabeheren gainean ematen digun ezagutza askoz aberatsagoa da. Uste dugu gardentasun eta elkarlan ikuspegitik ere hobe dela", dio Mikel Uribetxebarria zinegotziak. Kide bat sartzeko aukera, ostera, ez dute onartu: "Baldintza bat jarri dute, eta ulertezina da erakunde batean beste batek aukeratzea alderdi baten ordezkaria zein izango den".

Ion Albizuren dedikazioa %75etik %50era murriztea ere onartu zuten –aho batez–, eta haren soldata gordina urtean 18.470,54 euro izango da orain.

Ogasun batzordea sortu dute

Aldaketa horren ondorioz, beste batzorde bat sortu dute: Ogasun batzordea. "Gobernu batzordean landu izan ditugu ogasunari dagozkion gaiak, baina alderdi guztiak ez egotera, bosgarrena sortu da", dio alkateak. Hain zuzen, bera izango da batzorde horren burua, baita Udal Planeamenduarena ere, Albizuren ordez; eta Hirigintza Sailarena Otxoak hartuko du Elkororen ordez.

Gizartegintza alorrean ere aldaketa bat egin dute: Karmele Uribarrik jarraituko du izaten Ongizate eta Berdintasun sailen buru, eta Gazteria azpi-batzorde bat sortu dute, Ainhoa Caberoren ardurapean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak