Txarapeako etxeak bukatzeko lanak otsailean hasiko dituzte

Mirari Altube Arrese 2021ko urt. 28a, 14:59

Duela bederatzi urte amaitu gabe utzi ziren Txarapea ibilbideko bi blokeen eraikuntza lanei otsailean berrekingo dietela iragarri dute. 64 etxebizitza egingo dituzte eta ondo bidean, urtebeteko epean bukatuta izango dira, 2022ko otsailean hain zuzen ere.

Joan den azaroaren 13an hasi zituzten lehen lanak bukatu barik dauden Txarapeako bi etxebizitza-blokeetan. Ingurua garbitu zuten orduan, hondakinak kendu eta 2012an erdibidean geratu zen eraikinaren egoera egiaztatzeko probak egin. Eraikitze lanei, ostera, orain, otsailean ekingo diete eta 64 etxebizitza egingo ditu WIP Aretxabaleta Shell SLU enpresak; prezio tasatukoak izango dira 48 pisu eta salmenta libreko duplexak hamasei.

Udalak "laguntzeko" jarrera

Pozik agertu dira Udal ordezkariak bederatzi urte geldirik egon ondoren "berraktibatu" egin direlako Txarapeako lanak. "Gure helburua etxebizitza operazio hau desblokeatzea izan da", adierazi du Unai Elkoro alkateak, eta azpimarratu du horiek eraikitzen laguntzeko "erabateko jarrera" erakutsi dutela: "Udalak ahal izan duen guztian lagundu du lanak berriz hasteko prozesua errazteko. 64 pisu berri izango ditu udalerriko etxebizitza parkeak eta, horrela, Txarapeako urbanizazioa guztiz amaituta geratuko da".

Tasatuak eta duplex libreak

Sustatzaileak Construcciones Amenabar SA enpresari esleitu dizkio lanak. Eta argitu dute aurretik eraikitakoen tipologia bera izango dutela. Pisu tasatuak kokatuko dira beheko, lehen eta bigarren solairuetan; horiek izango dituzte hiru logela, bi komun, garaje-plaza eta trastelekua, 175.000 eurotik gorako prezioarekin. Hirugarren solairuan eta teilatupean, ostera, duplex motako etxebizitzak izango dira, honako ezaugarriekin: lau gela, hiru komun, garaje-plaza eta trastelekua; 258.000 eurotik gorako kostua dute horiek. Etxebizitza guztiek, gainera, terraza "zabalak" izango dituzte. Zortzi ataritan banatuko dira; lau atari bloke bakoitzean. Pisuak saltzeko ardura Aretxabaletako San Miguel Inmobiliariak izango du. Lanak, ostera, aurreikuspenen arabera, 2022ko otsailean amaituko dituzte.

Oniritzia osoko bilkuran

Udalbatzak hurrengo osoko bilkuran emango dio oniritzia Txarapeako azken bi bloke horien garapena arautuko duen hirigintza hitzarmenaren berritzeari.

2012an utzi zuen Bruesa SA Enpresa Taldeak sustapen hori osatu gabe, hartzekodunen konkurtsoan sartu ondoren. Txarapea ibilbideko urbanizazio osoak hamabi bloke ditu: 240 etxebizitza tasatuak dira, 100 libreak eta 100 babes ofizialekoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak