Aretxabaletako ostalariek 60.000 euroko dirulaguntza jasoko dute Udalarengandik

Hasier Larrea 2020ko abe. 17a, 17:10

30 ostalaritza zerbitzuk jasoko dute guztira, "enpleguari eta jarduerari eusten laguntzeko". Establezimenduei, langile autonomoei eta soldatapeko langileei begira emango dira laguntzok. Aretxabaleta maila gorrian sartu da, hortaz, taberna eta jatetxeak 2021 arte itxita egon beharko dira.

Zehazki, 300 euro emango zaizkio establezimendu bakoitzari, eta 600 euro langile autonomo bakoitzeko. Soldatapeko langileen kasuan, azaroko Gizarte Segurantzako kuota ordainduko da, 600 euro gehienez. Datorren urtera begira, terrazen tasa ez dutela kobratuko iragarri du alkateak, eta aurrekontuetan terrazak egokitzeko inbertsioei laguntzeko diru-laguntza lerro bat sartzea aurreikusi du.

Ostalariek ondo baloratu dute Udalak eskainitako laguntza, nahiz eta nahikoa ez direla uste izan. Argi dute ez dela Udalaren ardura euren komertzioak ixtea, Jaurlaritza eta Espainiako gobernuarena baizik. Hala ere, laguntza horiekin negozio txikienak minduago irtengo direlakoan daude.

Ostalariek bete dezakete jada Udalak dirulaguntza jasotzeko bidali dien eskaera-orria.  Laguntza horiek berebiziko garrantzia izango dute beraientzat, bihartik aurrera itxi egingo direlako Aretxabaletako taberna eta jatetxeak, asteazkenean azaldu ziren positibo kasuen gorakadagatik. 24 positibo gehiagorekin, 700ndik gorako intzidentzia metatua dauka orain udalerriak, horrek esan nahi du bi aste inguruan oso positibo gutxi eduki beharko dutela ostalaritza ohiko jarduerara itzultzeko.

Gabonak, taberna eta jatetxerik gabe

Hortaz, datorren urterarte herriko establezimenduak ireki ezingo direla aurreikusi du Udalak. Pasa den asteburuko ostalaritzaren berrirekierak gutxi iraun du Aretxabaletan, eta Gabonak taberna eta jatetxeak zapaldu gabe ospatzea beste erremediorik ez da egongo.

Esperantza baino, ziurgabetasuna da orain tabernariek daukaten sentsazioa, 2020an pilatutako zorrak ez direlako 2021ean besterik gabe desagertuko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak