Adinekoei errespetua lantzen nerabeekin

Mirari Altube Arrese 2020ko abe. 18a, 08:18

Aretxabaleta Lagunkoiak deitutako idazlan lehiaketan hartu dute parte Kurtzebarri institutuko ikasleek. Astelehenean banatu zizkieten sariak lan onenak idatzitako 22 gaztetxoei, eta antolatzaileak "oso gustura" agertu dira emaitzarekin.

Adinekoei errespetua gai hartuta, idazlan lehiaketa deitu zuen Aretxabaleta Lagunkoia taldeak martxo inguruan, eta Kurtzebarri institutuko 140 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte. Astelehenean banatu zituzten sariak, eta 22 ikaslek jaso zuten aipamena; sari nagusia Larraitz Lasarendako izan zen, bigarrena Arantzazu Blazquezendako eta hirugarrena, Maia Etxebarriarendako.

Saria jasotako ikasle guztiak Aretxabaleta Lagunkoiako kideekin eta Udal ordezkariekin.

Konfinamenduan idatzitakoak

"Pertsonen arteko errespetua eta maitasuna oso garrantzitsuak dira guretako", azaldu zien Aretxabaleta Lagunkoiako kide Pedro Etxebarriak Arkupe kultur etxeko aretoan elkartutako gaztetxoei. Otsail inguruan joan ziren talde horretako hainbat kide institutura, zelan jorratzen duten hori ezagutzera: "Elkarbizitzari dagozkion hainbat gai lantzen ditugu, adinekoena ez izan arren zehazki, eta horren berri eman genien", dio Juan Carlos Pascual Pasku zuzendariak. "Pozik" entzun zituzten azalpenak, eta hortik abiatuta elkarlanari ekin zioten: "Konfinamendua iritsi zen orduan. Eta mugarria izan zen hura; izan ere, erabaki zen idazlan lehiaketa deitzea, ikasleek etxean zeuden bitartean egin zezaten". 

Aukeraketa lan "zaila"

Adineko baten lekuan jarri eta haren egunerokoa kontatu dute idazlanetan. 140 baino gehiago jaso zituzten eta sekulako lana izan dute horiek guztiak irakurri eta onenak hautatzen. "Lan zaila", Etxebarriak onartu zuenez: "Zoragarria izan da. Lan ederrak izan dira eta 22 aukeratzea ere kosta egin zaigu. Lehen saria irakurtzean batek baino gehiagok negar egin du".

Balioa eman taldeari

Aretxabaleta herri oraindik eta atseginagoa eta erosoagoa izan dadin dihardu lanean Aretxabaleta Lagunkoiak, eta Karmele Uribarri Ongizate zinegotziak balioa eman zion horri ikasleen aurrean: "Interesgarria da, adinekoak eurak direlako protagonistak, batetik, eta ikuspuntu integrala dutelako, bestetik". Eta horiekin elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu zuen: "Pozik gaude ekimen horrekin, eta, hala, jarraituko dugu haien lana sustatzen".

Kurtzebarri institutuko zuzendari 'Pascu', Aretxabaleta Lagunkoiako kide Itziar Errasti eta Pedro Etxebarria; Unai Elkoro alkatea eta Karmele Uribarri zinegotzia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak