Animalien gaineko ordenantza betearazten

Mirari Altube 2020ko urr. 1a, 14:15

Liburuxkan jaso ditu Aretxabaletako Udalak animaliei buruzko araudiaren nondik norako guztiak, eta horiek banatuko dizkiete txakurrak dituzten 600 herritarri. Udaltzainek, berriz, zaintza indartuko dute, araudia hautsi ez dadin eta elkarbizitza bermatu.

Animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen udal ordenantza eguneratu egin du Udalak aurten, eta abuztuaren 21etik indarrean dago. Ordenantza horren gaineko guztia liburuxkan jaso dute orain. Mila ale argitaratu dituzte; horietatik 600 txakurren jabeei banatuko dizkiete, eta gainerakoak Udalak gordeko ditu, txakur bati alta ematen diotenean udal erregistroan haren jabeari emateko. Ordenantza webgunean ere kontsulta daiteke: Aretxabaleta.eus.

"Elkarbizitza hobetzea" helburu

Ordenantza eguneratzeko prozesua abian jartzeko arrazoiak izan dira Udalari helarazitako kexak eta kezkak, eta txakur eta katu kopuruak gora egin izana. Hala adierazi du Karmele Uribarri zinegotziak egindako agerraldian, eta azaldu: "Epe bat ireki zen herritarren proposamenak jasotzeko, eta udal ordezkariek eta teknikariek osatutako talde batek hauek aztertu zituen. Ekarpen horietako asko araudi berrian sartu dira".

Animalien jabeen eta herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko jarraibideak ezartzea izan dela helburua adierazi du Uribarrik: "Oraingo neurriek zein aurretik ezarritakoek bizikidetza eta ongizatea hobetzea dute helburu. Betebehar hauek ez dira, inolaz ere, animalien jabeen aurka joango".

Txakurrak eta katuak

Araudiaren berri emateaz eta sentsibilizatzeaz udaltzainak arduratuko dira, baita hori betearazteaz ere. "Gogorarazi gura dugu kanpaina hau ez dela txakurren jabeentzat bakarrik. Hain zuzen, lehen espedienteak ireki dira katuei kalean jaten emateagatik. Debekatuta dago hori eta arau-hausteengatik jarritako isunak 60 eta 600 euro artekoak izan daitezke", azaldu du Iban da Silva udaltzainak.

KALEKO KATUEI JATEN EMATEAGATIK IREKI DITUZTE UDALTZAINEK LEHEN ESPEDIENTEAK

Eta ordenantzan jasotako debekurik azpimarragarrienak aipatu ditu: etxeko animaliek iturrietatik zuzenean edatea eta horietan bainatzea; animalia basatientzako janaria bide publikoetan uztea; eta txakurra lotzeko luza daitezkeen uhalak erabiltzea. Era berean, zehaztu dute salaketaren bat jaso duten txakurrak kolore gorriko plaka batekin identifikatu behar direla eta txakurren gorotzak bide publikotik jasotzeko poltsak eramatea nahitaezkoa dela.

Arau-hausteei dagokienez, arinak 60 eta 600 euro artean ordaindu beharko dira, larriak 600 eta 2.156 euro artean eta oso larriak 2.156 eurotik 21.565 eurora bitartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak