Urteko azken hiruhilekoa kultura ekintzaz bete gura izan du Udalak, eta egitarauaren berri eman dute Kultura Saileko arduradunek. "Ekintza batzuk kalean izango dira eta beste batzuk barruan, negu sasoia datorrela jakinik. Askotariko eskaintza egongo da: antzerkia, musika... eta adin guztiei begira pentsatutakoak", adierazi du Ainhoa Cabero zinegotziak.
Segurtasuna zainduta
Kalean zein barruan izan ekitaldiok, "segurtasun neurri guztiak" zainduko dituztela adierazi dute. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da; ikusleen arteko distantzia zainduko dute eta eskuak garbitu beharko dira gel hidroalkoholikoarekin. Zaraia aretoaren edukiera, gainera, 60 ikusletara murriztu da. Ildo horretatik, zera jakinarazi du Inma Miguel teknikariak: "Edukiera antolatzeko helburuarekin, ikusleak batuko ditugu familiaka eta lagun-taldeka. Horretarako, sarrera erosterakoan izen-abizenak eskatuko dira". Ikuskizunetarako sarrerak, ohi legez, hilabete hasieran jarriko dituzte salgai Arkupen bertan.
Antzezlanak eta musika
Urriaren 4an emango diote hasiera egitarauari, umeendako antolatutako antzerki batekin; Trotamundos taldearen antzezlana izango da Arkupen. Umeek beste hainbat ikuskizun izango dituzte: Traka Matraka taldearen kontzertu didaktikoa eta Zurrunka taldearen eskutik itzalen eta txotxongiloen emanaldia, besteak beste.
Helduek, ostera, Tdiferencia taldearen eta Xake Produkzioaken lanak izango dituzte. "Azken hori estreinatu berri da eta Kepa Errastik dihardu horretan; hortaz, herritarrek harrera beroa egingo diotela uste dugu", dio Miguelek; hain zuzen, horregatik, bi emanaldi izango dira.
Musikak ere leku handia izango du urrian. Estitxu Pinatxo eta Mikel Santxez musikariak Dama beltzak proiektuaren bueltan izango dira Herriko Plazan; eta Unai Indo Xatiro bilbotarrak, berriz, rap doinuak eroango ditu Arkupera.
Urrian, gainera, Matilde Sainz Osinaga arrasatearraren akuarelak izango dira erakusketa aretoan.
Artisauen topaketa, Duranan
Udazkeneko berrikuntzen artean herriko artisauen topaketa dago. Urriaren 4an izango da, eta Durana kalea girotuko dute hamaika artisauk. "Asmoa da ekimenak jarraipena izatea aurrerantzean", adierazi du Miguelek.
Zinemarik ez, oraingoz
Urrian ez da filmik emango. Dena den, Udalaren asmoa bada zinema itzultzea Arkupera: "Zerbitzua eskaintzeko kontratua bukatu egin da, eta proiektorea alokatzeko aukerak aztertzen gabiltza. Ea azaro erditik aurrera pelikulak ematen ditugun", azaldu du Caberok.
Egitaraua
Urriak 4
- 11:00-15:00 Artisauen topaketa. Durana kalea.
- 17:00 Compañia Trotamundos: Historias de un baúl. Arkupe.
Urriak 7 (18:00)
- Traka Matraka: Kontzertua. Herriko Plaza.
Urriak 9 (22:00)
- Tdiferencia: Con fajas y a lo loco. Arkupe.
Urriak 12 (16:30 eta 18:00)
- Zurrunka: Aioko. Arkupe.
Urriak 16 (22:00)
- Xake Produkzioak: Fadoak entzuten zituen gizona. Arkupe.
Urriak 17 (19:00)
- Xake Produkzioak: Fadoak entzuten zituen gizona. Arkupe.
Urriak 21 (19:00)
- Dama Beltzak: Kontzertua. Herriko Plaza.
Urriak 23 (22:00)
- Xatiro: Rap kontzertua. Arkupe.
Urriak 25 (19:00)
- Escupido amor. Arkupe.
Azaroak 1
Skratx antzezlana. Arkupe.
Azaroak 6
Ainhoa Aierbe eta Tessa Andonegi: Me too ikuskizuna. Arkupe.
Azaroak 8
Amorante: Kontzertua. Arkupe.
Azaroak 14
- Loyola Garmendia eta Iñaki Salvador: Kontzertua.
Azaroak 15
- Esti Curiel: 35 huts. Bakarrizketa.
Azaroak 18
- Irantzu Varela: Hitzaldia.
Abenduak 8
- Potx eta Lotx pailazoak: Lehiatzera.
Abenduak 26
- Txalo konpainia: Losers.
Abenduak 29
- Gospel kontzertua.