San Migel jaien bueltan aretxabaletar askoren ohitura izaten da taloa jatea. Aurten Loramendi elkarteak ez du urteroko posturik jarriko, baina elkartekoek ez dituzte aretxabaletarrak taloa probatu barik utzi gura izan. Hala, goizean talo orea egiten eta taloa jotzen ibili dira, gero plastikoetan sartu eta hurrengo egunetan eskaria egina dutenei banatzeko.
Ez dira gutxi izan gainera, 100 eskari inguru jaso dituztelako. "Norberak etxean berotu eta jateko izango da, baina gustura gaude izandako erantzunarekin", azaldu Eñaut Zubizarretakdu jotako taloak plastikotan sartzen zebilela. Sorta bakoitzean 3 talo sartu dituztela kontuan hartuta, 300 inguru egin dituzte bi txandatan banatuta lan egin duten 25 lagun inguruk.
Jobita Artabe da urtero San Migel jaietan taloa egiten egoten den lagunetako bat, eta gaur ere horretan ibili da: artoaren irina, ur beroa eta gatza hartu eta eskuekin eman eta eman, taloaren orea behar den modukoa egiten. "Jaietan taloa egitea sakratua da niretzat. Gaur ez nintzen etortzekoa, gazteen kontua zelakoan, baina azkenean animatu naiz. Egin dut, eta pozik geratu naiz gainera!". Seguru hurrengo egunetan taloa janaz jaien zaporea gogoratzen dutenek eskertuko diotela egindako lana.