Ixadebaldek ez du hutsik egingo, eta berrituta dator oraingoan

Mirari Altube Arrese 2020ko ira. 3a, 15:30

Merkealdien azoka egingo dute Aretxarte elkarteko hainbat merkatarik egubakoitzean eta zapatuan. Mojen komentuan elkartu beharrean azken urteetan egindako legez, oraingoan, norbere dendaren aurrealdera aterako dute jeneroa, merkatuta.

Pandemiaren eraginpean egingo den lehenengo merkealdien azoka izango da aste bukaeran izango den Ixadebalde. Baina herriko merkatariek ez dute hutsik egin gura izan, eta, moldatuta bada ere, beherapenik onenak eskainiko dizkiete, beste behin, herritarrei.

Azken urteetan mojen komentua izan badute ere kokaleku, oraingoan, norbere denda eta horren aurrealdea erabiliko dituzte jeneroa erakusteko. Horri esker, azoka egun gehiagotara luzatu duenik ere badago: "Bi egunetako jende pilaketak ekidin gura ditugu", adierazi du Belar Meta dendako Idoia Elexpuruk.

Denda barrura jende gehiago sartzeak ardura ere badakar merkatariendako: "Zentzuz jokatu behar da, ez dago besterik. Jende asko dagoela ikusiz gero, kanpoan itxaron beharko dute. Horrez gain, orain arte egiten gabiltzanarekin jarraitu behar dugu: maskara jantzita ekarri eta dendan sartzerakoan eskuak garbitu gelarekin", dio Titareko Saioa Tejeirok.

Kalitatea, prezio merkean 

Aurtengo formatuarekin, inora mugitu beharrik ez dutenez, merkatari gehiagok parte hartuko dutelakoan daude Aretxarteko kideak; Amaia ume-dendak, esaterako, merkealdien azokarekin bat egitea erabaki du. Eta guztiek eskainiko dute "kalitatezko jeneroa, prezio ezin hobeekin"; bereziki, udaberriko eta udako arropa eta beste urte batzuetako materiala: barruko arropak, pijamak, ume-arropak,  zakutxoak, mantak, era askotako oinetakoak… 5 eurotan hasi eta 35 euro arteko jeneroa izango dute hainbat dendatan, baita erdia baino gehiago merkatutako arropa ere.

Herritarrak gonbidatuta

Hori horrela, eskaintza aprobetxatzeko dei egin diete herritarrei: "Etorri, ikusi, ukitu eta gero norberak erabaki dezala erosi edo ez", eta Elexpuruk gaineratu du: "Bakoitzak bere herriko komertzioaren alde egin dezala eskatuko nuke; apurtxo bat, behintzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak