Aretxabaletako adinekoendako gizarte zentroa, hurbilago

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 23a, 13:05

Komentu zaharra egokitzeko proiektuaren idazketa esleitu du Udalak, eta lehenengo fasean beheko solairuko lanak egingo dira; han batuko dituzte Basotxoren egoitza eta estimulazio kognitiboko tailerrak. Erabilera askotariko gela atonduko dute kaperan

Santa Rita komentu zaharrean kokatuko den adinekoendako gizarte zentroaren proiektua idazteko lanak esleitu ditu Udalak. Sanchez Bellido-Iturbe Eraikuntza Tekniko Taldea UTEari eman dio horren ardura eta 88.572 euroko kostua izango du.

Aurreikuspenetan aldaketak

Eraikinaren beheko solairuan Basotxo erretiratuen elkartearen egoitza egongo da; taberna, jangela eta bulegoak kokatuko dituzte han. Autonomoendako eta mendekotasun baxuko pertsonendako eguneko arreta zentroak ere hor izango du lekua. Lehenengo solairuan, ostera, adinekoendako ostatua izango da. Datozen hilabeteotan idatziko duten proiektuak jasoko ditu zerbitzu horien instalazioak.

COVID-19aren osasun krisiaren eragin ekonomikoak, baina, hasierako aurreikuspenak aldatu dituela adierazi dute Udaletik; ondorioz, hainbat fasetan garatuko dituzte lanak. "Adinekoendako gizarte zentroak gure proiektu estrategikoetako bat izaten jarraitzen du; herritar horien beharrei erantzuteko baliabideak ematea du helburu", adierazi du Gizartegintzako zinegotzi Karmele Uribarrik. Hala ere, pandemiaren ondorioek aurretik ezarritako epeak aldaraztera behartu dituzte. "Egungo egoerak behar berriak sortu ditu eta horiei erantzun behar diegu. Edonola ere, adinekoentzako zentro sozialaren proiektuari ekiteko konpromisoari eusten diogu".

Lehen fasean, beheko solairua

Agintaldi honetan lehenengo faseari helduko diote, eta beheko solairua egokituko da; hain zuzen ere Basotxo erretiratuen elkartea eta estimulazio kognitiboko tailerren gela –orain Arkupen ematen dituzte–. Lan horietarako milioi bat euro inguruko inbertsioa aurreikusi dute, eta horren barruan sartu dituzte komentuko kaperan erabilera anitzeko gela egokitzeko lanak ere. "Baliabide ekonomikoek uzten diguten heinean, eguneko arretarako zentroa eta bakarrik bizi diren adineko pertsona autonomoentzako jantokia ere egingo dira", azaldu du Uribarrik. Lehenengo solairuko adinekoentzako ostatuak hurrengo faseetarako utzi dituzte.

Osasun etxe berria

Osakidetzak, berriz, zentro soziosanitarioaren proiektuaren idazketaren esleipen prozesua jarri du abian. Gaur egungo Basotxoren eraikinean –zaharren egoitza izandakoa– kokatuko dituzte osasun etxe berria eta Udaleko gizarte zerbitzuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak