ALBISTEAK

Krisiaren ondorioz Udalaren diru-sarrerak 1,6 milioi euro murriztuko dira

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 4a, 15:54

Abenduan onartu zuen Aretxabaletako udalbatzak 2020rako udal aurrekontua, 10 milioi euro pasatxokoa, baina koronabirusaren krisiaren ondorioz "errealitate ekonomiko eta sozial berrira" egokitu beharra du; izan ere, 1.653.000 euro jasotzeari utziko dio Udalak. Hala, aurrekontua doitu du Udal gobernuak, eta proposamena dagoeneko aurkeztu dio oposizioari. Asmoa da uztailean egingo duten osoko bilkuran onartzea.

Udal Gobernuak eguaztenean jakinarazi zuen Udalaren diru sarrera 1,6 milioi euro pasatxo murriztuko dela. Horren arrazoi nagusia da Udal Finantzaketarako Foru Funtsetik 1.264.000 euro gutxiago jasoko dituztela batetik, eta Udal tasen eta zergen bilketaren murrizketa bestetik, guztira 400.000 euro hain zuzen ere: 350.000 euro kiroldegiko abonu eta ikastaroen kuotei dagozkie (irailera arte ez dira kobratuko); 30.000 eta 10.000 euro, hurrenez hurren, zaborraren eta uraren tasak murrizteari, eta 7.000 euro ez dira jasoko terrazen tasetatik.

Unai Elkoro alkateak zera azaldu zuen: "Foru Funtsetik %20-25 gutxiago jasoko du Udalak, baina aurrekontua %25ean oinarrituta doitu dugu, egoera are eta okerragoan, aurreikuspenak ez direlako onak". Hala, 10.093.700 euroko aurrekontua onartu arren 2020rako 8,4 milioi eurora murriztuko da.

Proiektu batzuk aurrera, beste batzuk geldituta

2019ko aurrekontuko diruzaintzako gerakina, 2,6 milioi euro inguru, 2020ko kontuetako diru-sarreren murrizketa konpentsatzeko erabiliko dutela jakinarazi zuen Elkorok: "Baina aurreikusleak ere izango gara eta gerakin hori 2021erako gordeko dugu, gaur egungoaren antzeko egoera ekonomikoa aurreikusten dugulako".

Proiektuen atalean, hiru egitasmok "estrategikoak" izaten jarraituko dutela aipatu zuen: zentro soziosanitarioa, komentuan egokituko den adinekoentzako gizarte zentroa, eta Santakurtz kaleko Hornidura eta Saneamendurako Plan Berezia (PEAS) eta berrurbanizazioa.

Beste proiektu batzuek, ostera, egoera ekonomikoa hobetu arte itxaron beharko dutela iragarri zuen: Ibarrako futbol zelaiko argiteria berritzea eta Arbizelaiko trialsina praktikatzeko espazioa egokitzea. Aurrekontuan jasotako beste proiektuetako bat futbol zelaian aldagela aurrefabrikatuak jartzea da. Horren harira, alkateak aurreratu zuen "eraikitzeko aukera" aztertuko dela, proiektu bat diseinatuz.

Udazkena arte geldi geratuko diren partida batzuk ere badaudela adierazi zuen: "Orduan, datu ekonomiko gehiago jakingo ditugu, baita gastu horiei aurre egin ahal izango diegun ere". Behin behinean geldi geratuko diren partida horiek 238.000 euro inguru suposatzen dute, eta honako hauek dira: Txakurrentzako aisialdi-gunea, kiroldegian eguzki plakak jartzea, lokalak eta bolatokia konpontzea, Bedarreta auzoan irisgarritasuna eta zebra-bideen segurtasuna hobetzea, urbanizazio lanak eta kuartel zaharreko patioa egokitzea.

Udal sailen gastua doitzea ere proposatu du Udal Gobernuak, baita elkarte eta talde ezberdinei zuzendutako diru-laguntzak ere.

Bestetik, osasun krisiak utzitako eragin ekonomikoa arintzera ere bideratu dutela dirua  aipatu zuen alkateak, tokiko merkataritzari, ostalaritzari, autonomoei eta negozio txikiei laguntzeko esaterako, Hemengaz.eus kanpainaren baitan. Horretara 100.000 euro bideratu dituzte (erosketa bonuak barne).

Gizarte zerbitzuetan arreta

Gizarte Zerbitzuetan, ostera, aparteko arreta jarri dutela adierazi zuen Elkorok berak, eta azaldu alarma egoeran Gizarte Larrialdietarako Laguntzen partida ekonomikoa handitu egin dutela –Eusko Jaurlaritzatik 26.000 euro iritsi zaizkie–, baita etxez etxeko laguntza zerbitzuarena ere. "Gizarte zerbitzuak gure lehentasunetako bat dira; diru-hornidura programa guztietan mantentzen da eta indartu ere egiten da". Hala, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren partida 30.000 euro handitu dute konfinamenduan, "eguneko zentroak ixtea eragin duten kasu berriei eta zerbitzu-orduen igoerari erantzuteko".

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Karmele Uribarrik azaldu zuen Gizarte Larrialdietarako Laguntzetan 37 eskatzaile berri artatu dituztela: "Eskatzaileen profil berri bat azaleratu da; zaintzan eta etxeko garbiketa lanetan diharduten pertsonak, konfinamenduan lanik gabe geratu direnak". Eta gaineratu zuen administrazioak ezarritako baldintzak betetzen dituztenei eman dizkietela laguntzak, eta gainerako kasuak Caritasera bideratu dituztela, "inor kanpoan gera ez zedin".

Eta pozik iragarri zuen Uribarrik, EAJk talde gisa udalean jasotzen duen diru-kopuruaren %25a, 5.740 euro hain zuzen ere, Caritasi emango diotela "aretxabaletarren beharrei aurre egiteko".

Liberazioak eta alkatearen aparteko ordainsaria

Era berean, Udal gobernuak proposatu zuen liberatutako bi zinegotzien ordainsariak murriztea, hau da, jardun osoa izan beharrean %55eko dedikazioa izatea, eta alkatearen aparteko bi ordainsariak kentzea: "Bizi dugun egoerarekin koherenteak izan behar dugu", zioen Elkorok. Bi neurri horiek 60.000 euro inguru aurreztea ekarriko duela urtean esan zuten: "Foru Funtsaren diru-sarrerak 2019ko mailara itzuli arte izatea indarrean horiek da proposamena, orduan onartu genituelako lanaldi osoko bi liberazioak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak