Osasun Ministerioak Mondragon Taldeari eginiko eskaria bete da eta jada Mondragon Assenbly-k Txinan eginiko lau makinak iritsi dira. Horietako hiru Etxebarrin muntatu dituzte eta Hernanin egoitza duen Bexen Medical enpresarendako maskara kirurgikoak ekoiztuko dituzte. Modu horretan, maskara-fabrikatzaile garrantzitsuena izango da Bexen Medical eta Mondragon Taldeko hiru makinei esker ia hamar milioi maskara kirurgiko ekoiztuko dituztela hilero azaldu dio GOIENAri Mondragon Taldeko Automatizazio Negozioko zuzendari Iñigo Velez de Mendizabalek.
Laugarren makina bat ere iritsi da Txinatik eta Espainiako Defentsa Ministerioak Burgosen duen farmazia zentrora bideratu dute.
Baina lau makinak ekoizteko proiektua erronka handia izan dela azaldu du Velez de Mendizabalek. Izan ere, egungo osasun larrialdi egoerak, makinen diseinua, fabrikazioa, logistika eta hauek prest jartzeko lanen koordinazioa asko zaildu du.
Babes handidun maskarak
Makinok, 2R motako maskara kirurgikoak ekoitziko dituzte. Hiru geruza dituzte, eta osasun arloan erabili ohi diren maskara kirurgikoen artean babes handiena dutenak dira. Hala ere, maskarak osatzen dituzten hiru lehengaietako bat aurkitzea oso zaila izaten ari dela aitortu dute Bexen Medical enpresako arduradunek. Dena ondo bidean, apirilaren amaieran maskara kirurgikoak ekoizten hastea da asmoa eta esan bezala hilean ia 10 milioi inguru ekoiztea. Txanda ezberdinetan eta aldi berean hiru makinak lanean izango dira eta 20 lanpostu inguru sortzea aurreikusten dute Bexen Medical enpresako arduradunek. Momentuz baina, makinak Etxebarrin geratuko direla argitu du Velez de Mendizabalek.