Abian da Euspot lehiaketaren bederatzigarren aldia

Amaia Aranegi 2020ko ots. 5a, 14:50

Abian da bederatzigarren urtez euskarazko spot onena saritzen duen EUSPOT lehiaketa. Zer dago janzten dugunaren atzean? da aurtengo leloa eta janzten dugunaren inguruan hausnartzea du helburu.

Euskarazko sormena bultzatzea eta ikus-entzunezko publizitate arloan euskararen erabilera sustatzea da lehiaketaren helburua eta ekimenaren sustatzaileak eta antolakuntza taldeko ordezkariak: Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arizmendi Ikastolak eta Arteman Komunikazioak, atzo aurkeztu zuten aurtengo gaia.

Parte hartzaileek 20 eta 30 segundo arteko lanak aurkeztu beharko dituzte euskarazko lokuzioarekin eta parte hartzaileak norbanakoak, taldeak zein enpresa profesionalak izan daitezke. Parte-hartzea gorantz doa urtez urte eta antolatzaileak pozik daude lehiaketak izaten duen harrerarekin, hala dio Arteman Komunikazioko Arantzazu Lagunillak: "Iaz errekor guztiak gainditu genituen, 90 lan inguru jaso genituen. Aurtengo erronka hori gainditzea izango da".

2550 euro saritan

Bost sari banatuko dira:
1.- Spotik onena. / 1.000 euro
2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro
3.- Publikoaren saria. / 500 euro
4.- Musika sinkronizazio onenaren saria. / 300 euro
5.- BHklip saria (14-18 urte) / 250 euro

Euspoteko formazio saioak

Aurten ere ikus-entzunezko publizitatearen gaineko saioak eskainiko dituzte ikastetxeetan, zein ikus-entzunezko eskola espezializatuetan. Formazio saioen helburua, gazteei sormenaren eta publizitatearen inguruan izan dezaketen sena sustatzea eta lehiaketan parte hartzera animatzea izango da.

Lanak aurkezteko epea

Parte hartzaileek maiatzaren 13ra bitartean izango dute aukera euren lanak egin eta aurkezteko eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 28an egingo da, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak