2020. urtean eskaintza kultural oparoa izateko asmoz urrats bat egin gura izan du Loramendi Euskara Elkarteak. Izan ere, auzolanean, udaletxe zaharreko lokaleko eremua atondu dute zenbait herritarrek, eta, aurreikuspenak betetzen badira, asteburu honetan amaituta izango dituzte lanak. Hori horrela, urtarrilaren 31n, lehenengo ekitaldia izango da. Hain zuzen ere, Irungo Eneritz Furyak bakarlari arituko da, 22:00etan.
"Lehenengo hitzordutik abiatuta, hasiera batean, formatu txikiko musikariak, bakarlari edo bikote moduan antolatzea da asmoa. Hala ere, ez gara musikara soilik mugatuko. Antzerkiak, hitzaldiak, mahai-inguruak, dokumentalen proiekzioak eta zineklub txiki bat izatea eta antolatzea da helburua. Gazteei begira behar bat dago herrian, eta dinamika honek funtzionatuko duelakoan gaude", adierazi du Loramendiko teknikari Eñaut Zubizarretak.
Lanak, amaitzear
Paletak erabiliz zenbait sofa egin dituzte bertan lanean aritu direnek. Horiekin batera, eserlekuak ere egin dituzte, oihalaz forratuta: "Eraikinerako sarrera hotz samarra da, eta goxotasuna eman gura izan diogu guk egindako aulki eta sofekin. Hala ere, geratzen da zer egin, baina astebururako amaituko ditugu egitekoak".
Sarrera bereziak
Ekitaldiren bat egiten dutenean ez dute sarrera finkorik ezarri gura antolatzaileek. Ikusleak, saioa ikusi eta behin amaitzean, iruditzen zaion araberako diru kantitate bat edo beste uztea dela asmoa adierazi dute.