'Txerrikumeen' kantuak, lehen diskoan batuta

Imanol Beloki Unamuno 2020ko urt. 17a, 14:02

Orain dela zortzi urte inguru hasi zuen musika ibilbidea Txerrikumeak laukote aretxabaletarrak, eta, kontzertu askoren ostean, Gorabeherak lehen diskoa argitaratu berri du; emaitzarekin gustura, egunotan jarri dute salgai tabernetan.

Ez du aurkezpen beharrik Txerrikumeak taldeak Aretxabaleta aldean; izan ere, azken urteotan, kontzerturik kontzertu dabiltza. Ibilbide luze horren ostean, lehenengo diskoa kaleratu dute: Gorabeherak.

Zazpi kantu, hainbat estilo

Xabi Muñez (ahotsa eta gitarra), Xabi Zuazabeitia (baxua), Iñaki Azkunaga (gitarra) eta Julen Ibabe (bateria) dira Txerrikumeak musika taldeko kideak, eta punk-rock estiloa lantzen dute. Zenbait kanturekin osatutako maketa baduten arren, Gorabeherak izena duen lehenengo diskoa argitaratu berri dute. Hain zuzen ere, eguazten honetan iritsi zaizkie diskoak, eta emaitzarekin pozik agertu dira. Hori horrela, Aretxabaletako eta Arrasateko zenbait tabernatan salgai jarriko dituzte bost eurotan.

Xabi Zuazabeitia taldeko kideak adierazi duenez, lan gogorra eta luzea izan da diskoaren grabaketa: "Asel Errasti lagunarekin grabatu dugu, kuartel zaharrean bertan, eta, emaitzarekin gustura geratu garen arren, luze joan den lana izan da. Guztira, zazpi kantu batzen ditu diskoak, eta estilo ezberdinak uztartu ditugu, nahiz eta oinarrian punkrocka dagoen".

Disko bakarra, ibilbide luzea

Duela zortzi urte hasi ziren musika egiten Muñez, Azkunaga eta Ibabe. Lagunarteko proiektu moduan, ondo pasatzeko helburuarekin hasi ziren. Lokalean elkartu eta zenbait kantu atera ostean, Zuazabeitia taldera batu eta serio jarri ziren Txerrikumeak proiektuarekin.

Ordutik, kontzertu ugari eman dituzte; batez ere, Aretxabaletan. Hala ere, azkenaldian, Oñatin izan dira, eta baita Nafarroako Totem aretoan ere. Proiektu berriaren hedapena egiteko, bihar, zapatua, Arrasateko Jaizale tabernan izango dira kontzertua ematen, eta urtarrilaren 24an, egubakoitzean, aldiz, Aretxabaletako Ezkutu tabernan.

Kontzertu gutxi batzuk eman ostean deskantsua hartuko dute, Julen Ibabe bateria-jolea Erasmus doa eta. Hain zuzen ere, atsedenaldi hori aitzakia hartuta, taldeko gainontzeko musikariek abesti berriak sortzeko tartea hartuko dute.

Bideoklipa kolaborazioarekin

Diskoa bakarrik ez, bideoklipa ere egin dute. Abenduan zabaldu zuten Berridazten izeneko abestiaren bideoa. Aretxabaletako kuartel zaharrean duten lokalean egin zituzten grabaketak, eta, horretarako, The Potes taldeko Beñat Abasoloren laguntza izan zuten, baita talde bereko Asier Sala musikari arrasatearraren kolaborazioa ere Lanarekin gustura, ez dute baztertu beste bideo bat grabatzea laster.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak