Aretxabaletako erretiratuak ezin gusturago dantzan

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 9a, 12:28

Basotxo erretiratuen elkarteak antolatuta martitzen guztietan elkartzen da taldetxo bat komentuko kaperan dantzan egiteko, ezin gusturago elkartu ere. Hain zuzen kapera hori kultur ekitaldietarako areto bihurtuko du Udalak datozen hilabeteetan. 

Agustindar mojen komentuko kapera dantza areto bihurtu dute azken hilabeteotan Basotxo erretiratuen elkarteko kideek. Martitzen guztietan (16:30) elkartzen da han taldetxo bat Marian Barragan irakaslearen esanetara, eta astean egin dute urteko lehen saioa.

Taldekide berriei zabalik

Karmele Ilarduiak eta Mari Karmen Gutierrezek bost urte inguru daroate dantza taldean: "Oso gustura gatoz, horren seinale bost urte ostean hemen jarraitzea", diote eta gaineratu dute: "Oso giro polita dugu eta lagunartean ordubetetxo bat pasatzea ederto datorkigu". 

Barragan irakasleak onartu du behera egin duela dantzari kopuruak: "Hiru talde izan genituen hasieran. Baina, arrisku handiko adin tartea da, eta mokor eta belaun arazoekin hastean utzi egiten dute askok. Nik probatzera animatuko nituzke sekula etorri ez direnak, ondo etorriak izango dira".

Irakasleak gomendatu du ikasteko "gogotsu" etortzea, bereziki bikoteka egiten diren dantzen kasuan: "Jarraibideak jaso behar dira lehenengo, pausoak edo koreografiak ikasteko. Lerroan edo bakarka egiten diren dantzetan norberaren kontua da ikastea, baina bikotearekin hasterakoan koordinazioa oso garrantzitsua da". Dena den, zaila ez dela inondik inora gaineratu du.

Interesa dutenak komentura bertara gertura daitezke martitzenetan, eta bestela, Basotxo erretiratuen elkartera jo argibide eske (astelehenetik egubakoitzera, 11:00etatik 12:00etara).

Komentuko lanak 

Udalaren asmoa da komentuaren lehen solairu guztia birmoldatzea; kapera izango da kultur erabilerarako aretoa eta lehen solairu horretan Basotxo erretiratuen egoitzari eta eguneko arretarako zentroari ere egingo diote lekua. "Arkupeko Zaraia aretoa txiki geratu izan da hainbatetan eta asmoa da kapera hau erabiltzea kultur kontuetarako. Erretiratuek ere erabiliko dute noski, baina herritar guztiendako izango da zabalik", adierazi du Karmele Uribarri Ongizate zinegotziak.

Eperik ez du eman gura izan: "Proiektu arkitektonikoa orain atera da lehiaketara eta esleitu egingo da lehenengo. Ondoren etorriko dira gainerako pausoak", dio eta gaineratu du lehenbailehen egin gurako luketela: "Erretiratuen elkartearen egoitza oraingo eraikinetik atera behar dugu osasun etxe berria egin dezan han Osakidetzak, eta gure zain dago horretarako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak