Oinezkoen segurtasuna hobetzeko lanak egingo dituzte otsail eta martxo artean

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 10a, 08:19

Hamar bat zebra-bidetan segurtasuna hobetuko du Udalak, eta horretarako kaptafaroak, abiadura-murriztaileak eta seinale adimendunak jarriko dituzte, besteak beste, Belorrietan, Errekabarren kalean, Eroski aurrean eta Markolen.

Herriko hainbat gunetan oinezkoen pasabideetako segurtasuna indartzea du helburu Udalak, eta horretarako, kaptafaroak (gauez argiztatzen diren gailu islatzaileak), abiadura-murriztaileak eta seinale adimendunak jarriko ditu galtzadaren inguruan. Udal ordezkariek adierazi dute erretiratuek osatutako Aretxabaleta Lagunkoia plataformaren ekarpenak ere hartu direla kontuan horretarako.

Lanak otsailean eta martxoan egingo dituzte honako kaleetako zebra-bideetan: Belorrieta eta Iralabarri inguruan (bidegorriaren eta Basabeazpi ikastolaren parean); Eroski supermerkatuaren aurrean; Errekabarren kalean (16 eta 22 atarien artean); Basaben (17 zenbakitik 23ra); eta Markole auzoan (futbol zelaiaren ondoan).

Udal ordezkarien esanetan lanon helburua da ikusgarritasuna, bideko seinaleak eta irisgarritasuna hobetzea oinezkoen eta ibilgailuen trafikoaren segurtasuna bermatzeko, eta harrapaketa arriskua murrizteko.

14.000 euroko lanak

Erabakiak hartu aurretik oinezkoen hamar bidegurutze aztertu ditu Udalak esandako kaleetan. Azterketa horrek zenbait arrisku identifikatu ditu, hala nola, ikuspen eta argiztapen eskasa, ibilgailuen gehiegizko abiadura, eta seinale horizontaletan eta bertikaletan dauden gabeziak. Hain zuzen horiek konpontzeko hartuko dituzte neurriak.

Xabi Otxoa Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, "arrisku handiagoa" duten zebra-bideei lehentasuna emango diete, "ibilgailuen eta oinezkoen trafiko intentsitate handia" jasaten dutelako. Zebra-bideen alboan ez aparkatzeko balizak ipiniko dituzte, baita kaptafaroak, abiadura murrizteko elementuak eta mugimendu detektagailuak dituzten argi-seinaleak ere.

Bide segurtasunerako planaren lehen fasearen barruan daude esandako lanak eta abenduan eman zion oniritzia Hirigintza batzordeak. 14.000 euro pasatxoko kostua izango dute, eta 2019ko aurrekontuko diruarekin ordainduko dituzte.

Pasabide adimenduna Eroskin

Hainbat dira egingo dituzten lanak. Basabeazpi ikastolatik gertu dagoen Iralabarri kaleko oinezkoen pasabidean abiadura-murriztaile bat jarriko da, eta zirkulazioaren noranzkoan ezkerraldean dagoen aparkaleku-plaza kendu egingo dute, kontuan hartuta azterketa teknikoak ohartarazten duela puntu horretan ikuspenik ez dagoela eta zenbait auto abiadura handian ibiltzen direla. Belorrietako beste bi pasabidetan bi aparkaleku kenduko dituzte, bat bakoitzean (farmazia parean eta metro batzuk beherago).

Ikusgarritasuna hobetzeko helburu berarekin, Basabe, Errekabarren (Gernika plazaren aurrean) eta Markole kaleetan beste zortzi aparkaleku kentzea aurreikusita dago. Kaptafaroei dagokienez, Belorrietan eta Markolen jarriko dituzte.

Gainera, oinezkoentzako lehen pasabide adimenduna jarriko dute, Eroski supermerkatuaren aurrean hain zuzen ere. Gailu horrek sentsore batzuk izango ditu, eta zebra-bidean oinezkoak antzematean tarteka argiztatuko dira gidariei ibilgailua gelditzeko ohartaraziz.

Bigarren fase baterako utzi dituzte udalerriko beste puntu batzuetan egingo diren hobekuntzak. 2020ko aurrekontuan, esaterako, 20.000 euroko partida gorde dute oinezkoen bidegurutzeetako argiztapena hobetzen jarraitzeko. Santa Kurtz kaleko pasabideak ere ez dituzte lehen fasean sartu, datorren urtean egingo diren saneamendu lanen baitan hobetuko direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak