Egun 76 ikasle daude Aretxabaletako Lanbide Heziketa zentroaren Automozio ikasketatan: 75 mutilak dira, eta bakarra, neska. Automozioko irakasleetan ere egoera berbera da: aurten hiru irakasle emakume daude zentroan. "Nik sei urte daramat automozioan lanean Aretxabaletan, eta orain arte ni izan naiz emakume irakasle bakarrak", esan du Leire Urretxo irakasleak. Gabezia hori ikusita, automozioa emakumeendako ikasketa eta lanbide izan daitekeela erakusteko, halako ikasketak egiten dabiltzan eta egin dituzten emakumeen topaketa egitea pentsatu dute.
Euskadiko Lanbide Heziketa zentroetara egindako deialdiak erantzun handia izan du. Elektromekanika, Karrozeria eta Automozio ikasleak dira ekitaldian egongo direnak. Era berean, Emakundeko presidente Izaskun Landaidak ere parte hartuko du topaketan.
Mahai-ingurua
Gaur egun automozio sektorean lanean diharduten hainbat emakumerekin mahai-ingurua egingo dute. Lanbide Heziketako bi ikasle ohik, inguruko automozio sektoreko enpresatako ordezkariak eta Meka Lanbide eskolako automozio irakasle batek hartuko dute parte. Iraitz Agirrek gidatuko duen saioaren ostean, automozioarekin erlazionatutako ekitaldi ludikoa egingo dute.
Bederatzi zentro
Bederatzi zentroak dira: Gipuzkoako Don Bosco eta Meka; Bizkaiko Emilio Campuzano, San Jorge, San Viator, Iurreta eta Ezkurtze; eta Arabako Egibide eta Mendizabala.