Gabonetarako ekitaldi ugari prestatu dituzte Aretxabaletan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko abe. 3a, 11:55

Gabonak iristear daude, eta jaiak girotuko dituen egitaraua prest dute Aretxabaletan. Hala, horren berri eman zuten, atzo, Arkupen. Gabonetako kanpaina prestatzen aritu diren herriko hainbat eragilerekin elkarlanean diseinatu du Udalak egitaraua eta publiko guztientzat zuzendutako ekintzak izango direla adierazi zuten.

Azken urteetako ildoari jarraituz, herriko komertzioetan kontsumoa bultzatzeko asmoarekin, Udalak 20+10 bonuak kaleratu ditu, Aretxarte elkarteko dendetan gastatu ahal izango direnak. Gaurtik aurrera egongo dira salgai Arkupen, eta bono bakoitzeko 20 euro ordainduta 10 euro gehiago lortuko ditu bonoa erosten duenak, herriko establezimenduetan gastatzeko. "Aurten ere 20+10 euroko bonoen kanpaina egingo dugu. Urtero arrakasta handia izaten du, eta, aurten, 400 bono jarriko ditugu salgai. Berrikuntza moduan gainera, 16 urtetik gorakoentzat zuzendutakoa izango da", adierazi du Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak.

Ekimen honekin, herrian kontsumoa bultzatu nahi dute tokiko merkataritza sustatuz. "Gastu-ihesa nolabait geldiarazi eta bezeroa fidelizatuko dituen ekintzekin laguntzea da egiten ari den Merkataritza Biziberritzeko Plan Bereziaren (PERCO) helburua. Azken honek modu zehatzagoan zehaztuko ditu aurrera eramango diren ekintzak", adierazi du Elkorok.

Artisau azoka

Gabonak girotuko dituzten ekitaldiak ere izan zituzten hizpide, besteak beste: abenduaren 14an eta 15ean Herriko plazan egingo den azoka, Arkupek eskainiko duen kultur egitaraua, Olentzero, Bizar Zuri eta Errege Magoen kabalgata. "Gabonetako azokan artisau, ekoizle eta merkatari aretxabaletarrak izango ditugu. Ohi bezala, karpa Herriko plazan jarriko dugu, eta abenduaren 14an eta 15ean bisitatu ahal izango da. Bezperan, hilaren 13an, Aretxartek kontzertua antolatuko du, eta buzkantzak dastatu ahal izango dira UDAren eskutik. Karpa hilaren 18ra arte egongo da muntatuta, eta egun horretara arte hainbat ekitaldirekin girotuko da…", adierazi zuen, bestalde, Ainhoa Cabero Aretxabaletako Udaleko Kultura zinegotziak.

Kultura egitaraua

Abenduak 5: Samuele Telari akordeoilariaren kontzertua. Arrasate Hiria Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea 2019an. Arkupen (19.30ean).

Abenduak 17: Leizarra Musika Eskolaren Gabonetako kontzertua. Gabonetako azokako karpan (18.00etan).

Abenduak 22: Organo kontzertua eta bakarlariak. Jokin Bengoak, Mari Carmen Etxeandiak, Ciriaco Sandovalek eta Mariatxen Urkiak abestuko dute, Jose Luis Frantzesena organo-jotzailearen laguntzarekin. Parrokian, 19.00etan.

Abenduak 26: Gospel kontzertua, The Upper Room taldearekin. Arkupen (20.00etan).

Abenduak 29: Aretxabaleta Abesbatzaren Gabonetako kontzertua. Parrokian (19.00).

Abenduaren 28an: Karmele Igartua bekaren sari banaketa. Arkupe (12.30).

Gabonetako ekintzak

Abenduak 24: Gurasoek eta umeek baserritar jantzita gabon kantak abestuko dituzte. 12.00etan, Mari Domingi eta Olentzero Herriko plazan izango dira, eta 18.30ean kiroldegitik abiatuko dira, musika eskolako txistulariek lagunduta. Amaitzeko, plazan, Leizarra musika eskolako haur abesbatzak ere abestuko du.

Abenduak 31: Bizar Zuri. 18.30ean kiroldegian. Ikastetxeetako guraso elkarteen eta Leizarra musika eskolaren laguntzarekin.

Urtarrilak 5: Errege Magoen kabalgata. 18.30ean hasiko da ibilbidea kiroldegian.

Gabonetako spot-a

Aretxabaletako Aretxarte merkatarien elkarteko kideek, Udalaren laguntzarekin, urtero zoriontzen dituzte Gabonak iragarki bidez, eta bide batez herrian kontsumitzera gonbidatu herritarrak. Oraingoan ere AZ Visual Media izan da iragarki hori ekoiztu duena, Kepa Errasti aktore aretxabaletarra protagonista izanda. 

Aretxabaletan zarata pixka bat ateratzeko helburuarekin hasita, Euskal Herri mailan zarata ateratzen duen bideoa baten bihurtu da urtero ekoizten duten Gabonetako spota, eta herriko komertzioei bultzada bat emateko asmoz, Erresistentzia Gara! lelopean, egin dute aurtengo lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak