Santa Kurtzeko bidegorri zatia 2020an egokituko dute

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 21a, 07:56

Azbe lantegia zenaren biribilgunetik hasi eta Sarasate kalera artera arte dagoen Santa Kurtz kale-zatia egokitu egingo du Udalak bidegorriari lekua egiteko. Proiektu horrek atzo, eguaztena, jaso zuen oniritzia Hirigintza batzordean eta obraren lizitazioa hilabete honetan bertan abian jartzeko asmoa agertu zuen Xabi Otxoa zinegotziak.

Birmoldatuko den tarteak 278 metro ditu, eta lau zati bereizi dituzte. Horretarako, 230.550 euro aurreikusi dituzte, 2019ko Udal aurrekontuan sartuko dituztenak. Lanak, datorren urteko ekainean hasi gura dituzte, eskola-oporrak aprobetxatuta eta "erabiltzaileei ahal den kalterik txikiena" sortuta, eta hamabi aste iraungo dute.

Garajeetatik saihesbidera

Bidegorria egokitzearen arrazoietako bat da gaur egun Kurtzebarri eskolaren jolastoki erditik pasatzen dena handik ateratzea. "Eskolaren aurrean oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna hobetzeko pentsatuta dago proiektuan jaso dena", adierazi du Otxoak eta hori zelan lortuko den ere zehaztu du: zirkulaziorako erreiak estutuko dituzte eta sigi-sagan jarri bidean, ibilgailuen abiadura murrizteko asmoarekin.

Era berean, garajeen sarbideei beste irtenbide bat emango diote: "Santa Kurtz kaletik sarbidea duten garajeetatik datorren gehiegizko zirkulazioa ere kendu egingo da 21 eta 27 zenbakien artean, saihesbiderantz zuzenean irteteko aukera eskainita. Horrela, orain arte Kurtzebarri eskolaren aurretik derrigorrean pasatu behar zuten ibilgailuen zati bat murriztea lortuko da", argitu du Otxoak.

Mugikortasuna helburu

Arrasatetik datorren eta Eskoriatzaraino doan bidegorria osatuko duela horrek gaineratu du Hirigintza zinegotziak: "Helburua da mugikortasun iraunkorrean pausoak ematen jarraitzea, eta oinezkoen eta txirrindularien joan-etorriak erraztea, herri barruko zein herri arteko sarean".

Bidegorriaren ezaugarri nagusienak

Lehen tartea: Basabe kaletik pilotalekuraino

  • • Egungo espaloitik doa.
  • • Bi metroko kolore gorriko zoladura jarriko da.
  • • Autoen zirkulazioa bi noranzkotan garejeetatik irteera errazteko.

Bigarren tartea: Pilotalekutik Kurtzebarri eskolaren hasierara

  • • Zuhaitzak kenduko dira eta kale argiak aldatu.
  • • Lehen zatian eskumako aparkalekuak lekuz aldatuko dira.
  • • Bigarren zatian, gorriz margotuko da bidegorria eta galtzada-harri itxurako akabera emango zaio galtzadari.
  • • Espaloiak eta aparkalekuak, linean, bina metro izango dituzte, erreiak hiru metro, eta bidegorriak beste bi metro.

Hirugarren tartea: Kurtzebarri eskolaren aurrealdea

  • • Bidegorria errepidetik doa.
  • • Bi metroko espaloia eskumaldean.
  • • Karga eta deskargarako bi gune ezkerraldean.

Laugarren tartea: Kurtzebarri eskolatik trenbidera arte

  • • Espaloia beheratu Santa Kurtz eta Sarasate kaleen arteko bidegurutzean.
  • • Aldapa eraiki propano-biltegiaren ondoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak