Zelai berria estreinatu dute herriko jokalariek

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 15a, 15:48

Zazpiko futbol zelaiak hainbat buruko-min eman dizkie azken hilabeteetan udal ordezkariei zein UDAko arduradunei, baina dagoeneko bukatu dituzte lanak. Astelehenean hasita, han dabiltza entrenatzen neska-mutikoak.

Zelaiaren neurriak dira 52x32 metro, belar artifiziala jarri diote eta hori ureztatzeko sei aspertsore ditu: "Drainatze sistemak primeran funtzionatzen duela frogatu ahal izan dugu egunotan, euri mordoa egin arren ez delako arazorik izan", adierazi du, irribarretsu, Unai Elkoro alkateak. Aterpedun aulkiak daude jokalariendako, eta ikusleendako eserleku luze bat ere bai. Ondo baino hobeto argiztatuta dago, led motako lau proiektore dituzten hamabi metroko lau zutaberen bitartez. Iturria ere badago, eta guztia inguratzen bi metro inguruko hesia.

Hainbat gorabehera izan ditu obrak, eta, horren ondorioz, uztailean beharrean azaro erdian sartu dira jokalariak entrenatzera. Udalak zigorra jarri zion, hain zuzen, Sports & Landscape enpresari atzerapenagatik.

Aldagelak, "laster"

Aretxabaleta kirol elkarteko kideek egutegia osatu dute txandekin, eta Ibarra futbol zelaiaren osagarri izango da hori entrenatzeko orduan; azpiegitura berriarekin, ordu eta erdira luzatu dituzte saioak.

Lehen erabiltzaileak oso gustura agertu dira zelaiarekin: "Belarra luzetxoa da eta baloiari indartsu eman behar zaio, baina oso ondo dago", adierazi zuten martitzenean entrenatzen zeuden Leintz Arizmendiko infantil mailako jokalariek, eta UDAko presidente Agurtzane Elkorok berretsi egin du: "Horixe pozik daudela; gustuko duten kirolean jarduteko sekulako azpiegitura dute eta ordutegi luzeagoarekin". Entrenamenduetarako bakarrik erabiliko dute zelai hori, eta partiduen aurretik beroketa saioak egiteko.

Araudia zehaztekotan

Zelaiak, baina, badu gabezia bat: aldagelak. "Hurrengo proiektua izango da hori. Ibarra zaharrean bi aldagela berri egokitzea gura dugu, ea urtarrilerako den", azaldu du Elkorok. Alkatea ere arazoa konpontzearen alde agertu da: "Ea luze barik konpontzen dugun, non jarri erabaki ostean".

UDAk erabiltzen ez duenean herritarrei zabalik izango dela zelai hori iragarri zuten proiektua aurkezterakoan, eta asmoa hori bada ere zalantzak sortu ditu: "Zikinkeria pilatzen hasi da… Araudi bat zehaztuko dugu datozen egunotan eta ikusiko dugu zelan funtzionatzen duen", dio alkateak, eta UDAko presidenteak ildo beretik adierazi du: "Azpiegitura zabalik egotearen aldekoa naiz, edozein aretxabaletarrek kirola egin dezan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak