Komentuaren erabilera aldatzeko lehen pausoa

Mirari Altube 2019ko aza. 14a, 15:33

Agustindarrena izandako eraikinean kulturarako aretoa egokituko dute, Basotxoren egoitza izango da eta eguneko zentroari eta adinekoendako tutoretzapeko etxeei ere egingo diete lekua; hori abian jartzeko aldaketa onartu du udalbatzak osoko bilkuran.

Mojen komentuaren eraikinak beste erabilera bat izan dezan lehen pausoa eman zuen udalbatzak eguaztenean egindako osoko bilkuran.

Orain arte ikastetxe eta etxebizitza erabilera izan du Errekabarren 12ko eraikinak. Udal Gobernuaren asmoa da kulturara eta adinekoen zerbitzuetara bideratzea; hala jakinarazi zuen aurreko agintaldian eta horri ekingo diote orain. "Erabilpen aldaketa egiteko lehen onarpena egin dugu, proiektuarekin hasteko derrigor egin beharrekoa", zioen Unai Elkoro alkateak. Aho batez onartu zuten prozesuari hasiera ematea, nahiz eta EH Bilduk informazio falta egotzi Udal Gobernuari.

Lehen fasean, beheko solairuari helduko diote; eliza izandako gunean kulturarako aretoa egokituko dute –horretarako proiektua dagoeneko eginda dago– eta Basotxo erretiratuen elkarteari –taberna barne– eta eguneko zentroari ere egingo diote lekua. "Proiektua lehenbailehen egin eta asmoa da datorren urtean exekutatzea eta bukatzea", argitu zuen Elkorok. Tutoretzapeko pisuak geratuko lirateke aurrerago heltzeko, bigarren fase baterako.

Plan orokorra, lantzen hastear

Plan orokorraren bueltan lanean hasteko aholku kontseiluaren araudia ere onartu zuen udalbatzak. Horren ardura EH Bilduk hartu du, Udal Gobernuaren oniritziz, eta Ion Albizuk gidatuko du. Kontseiluak aholkulari lanak egingo ditu, eta herriko eragileak gonbidatuko dituzte. Ondoren, kontseilu horrek egindako proposamenari Udal Gobernuak oniritzia eman beharko dio aurrera egiteko: "Plan orokorra garatzeko lehen pausoa izango da, eta hortik ekin diogu lanari. Ondo joan dadin ezinbestekoa izango da bi alderdion arteko adostasuna edo, behintzat, akordioetara heltzeko gaitasuna", zioen Albizuk. EAJko kideek eskatu zuten eraginkortasuna bermatzea, "parte-hartzeak ez dezan moteldu prozesua".

Asmoa da agintaldia bukatu aurretik hasierako onarpena ematea, eta horretarako lehenbailehen hasiko dira lanean: "Arkitekto bat kontratatzeko prozesua abian dago eta hori sartzerakoan hartuko dugu abiadura, bi-hiru astean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak