Zerga eta tasa gehienak % 0,5 igotzea erabaki du Aretxabaletako udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 24a, 15:25

Osoko bilkuran onartu zituen udalbatzak 2020rako igoerak atzo, eguaztena, baita EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat ere. Mankomunitateko batzordeetarako joango diren ordezkariak ere izendatu zituzten eta azaroaren 10ean hauteslekuetan egongo direnak hautatu ere bai zozketa bidez.

Udalbatzak onartu du 2020an %0,5 igotzea tasa eta zerga gehienak; besteak beste, ondasun higiezinen gainekoa, ibilgailuenak eta obra txikien gainekoak. Salbuespen bi daude: zaborra eta ura. Hondakinen tasa %5 igoko dute zerbitzu horrek sortutako kostua estaltzen joateko, eta uraren tasari dagokionez, %2 garestituko da Ur Kontsortzioak agindutakoari kasu eginez.

Eguaztenean egindako osoko bilkuran onartu zituzten EAJren botoekin, EH Bildu ostera abstenitu egin zen. "Ados geunden ordenantzen proposamenarekin, hobetzekoak egon arren, baina gure emendakinak lantzerakoan ez dugu inolako komunikaziorik izan, ezer ez, eta horrela ezin dugu baiezkorik eman", adierazi zuen Ion Albizu bozeramaileak.

Emendakin bi aurkeztu zituen EH Bilduk: batetik, birgaitze energetikoa egiten denerako obra zergetan%80ko hobaria, bereziki, A edo B kalifikazioak lortzeko; eta bestetik, eguzki plakak teilatuetan jartzeko hobaria eskatu zuen ondasun higiezinen zergaren bitartez –1.500 euro arteko laguntza edo inbertsioaren erdia–. Bigarren horri ezetza eman zioten Udal gobernuko kideek: "Egun badaude hobari batzuk, oraingoan handitzea eskatzen zen, eta ez dugu beharrezko ikusi. Beste dirulaguntza batzuk ere badaude", zioen alkateak.

Mankomunitateko batzordeetara

Debagoieneko Mankomunitateko batzordeetan izango diren ordezkariak ere izendatu zituzten: Pertsonal, Ogasun eta Ingurumen batzordeetara Unai Elkoro joango da; Garapen Agentziara eta Turismora, Ainhoa Cabero; eta Kirol batzordera, Koldo Zubillaga.

EH Bildu ez zen bat etorri alderdiek Mankomunitatean duten ordezkaritza banaketarekin, eta aurka bozkatu zuen. "Ordezkaritza orekatuagoa eta anitzagoa gurako genuke", zioen Albizuk, eta Elkorok erantzun zuen: "Mankomunitatearen kontua da herrien ordezkaritza proportzionaltasuna ondo dagoen edo ez aztertzea, baina azken aldaketak eurek egindakoak dira".

Bestalde, azaroaren 10ean hauteslekuetan egon beharko duten herritarrak ere aukeratu zituzten osoko bilkuran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak